Laia

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2021ko uzt. 4a, 11:34
Lurra iraultzeko lanabesa

laia. iz.Garai batekonekazari lanabesa, lurra iraultzeko erabiltzen zena, lurrean sartzen diren altzairuzko bi hortz luzez eta horietako baten gainean itsasten zen zurezko kirten batez osatua.

Garai batean lurra iraultzeko erabiltzen zen laia. Taldean egiteko lana izan ohi zen laia-lana, eta zenbaitetan auzo-lanean, gainera. Idi-pareak edo beste aziendak indarrean arrastaka eramandako goldeekin lurra iraultzea arrunta bilakatu aurretik ohikoa zen oso hainbat pertsonen artean osatutako taldeek lan koordinatuaren bidez lur-sail zabalak laiatzea. Zenbaitetan, aurrez nabarra (lurra irauli ez baina bai aizto baten antzera ebaki egiten zuena) erabiltzen zen laiatze-lanak errazteko. Laietan aritzea lan gogor eta neketsutzat hartu izan da beti eta laiaria (laietan aritzen zen pertsona, mutil nahi neska, sasoian zegoen pertsonatzat hartzen zen. Esaera zaharretan maiz agertzen den hitza da laia, eta Euskal Herriko tresna berezia izan denez garrantzia izan du gure nortasunaren ikonografian. Hona hemen esaera zenbait: Laietea, olgetea; harilketea, neketea. (Laietan aritzea, olgatzea; harilkatzea, nekatzea; horrela esaten omen zitzaien ohituraz mutilei zegozkien lanak egin nahian zebiltzan neskei). Alferrikako lanetan dabiltzanei, aldiz, hauxe esaten zitzaien: Non eginik ez zuenak, ezkaratza laiatzen hasi edo Non zer eginik ez zuenak, ezkaratza laiatzen hasi zen. Horiekin nabarmentzen ziren okerreko lanean ari zirenak edo alferrikako lanean tematzen zirenak baliogarria litekeen zerbaitetan aritu ordez. Laiatze-lanak maiatzaren hasieran egitekoak omen ziren, esaera hauek dioten moduan: 1) San Migel maiatzeko (San Migelen agerpena, V-8), gure soroa laiatzeko. 2) Santa Kruz (V-3) maiatzeko, gure soroak laiatzeko. 3) Santa Kurutz (V-3) maiatzeko, gure soroak laiatzeko; hazia falta baduk, bila ezak ereiteko. Artoa eta babarruna ereiteko garaiaz ari dira, seguru asko. Bi hortzeko aitzurrari, hozpikoari, laia-aitzur ere deitzen zaio.