Kalpar

Erabiltzailearen aurpegia

Ikusi hitzaren esanahiak

kalpar. 1) iz.Ile-multzo kiribiltsua; batez ere, ileak bakoitza bere aldera irteten den buruko ile-gune edo ile-bihurgunea denean.

kalpar. 2) iz.Ile-multzoa, adatsa, ile-mataza.

kalpar. 3) iz.Ile luzeak; batez ere, ile gaizki orraztuak direnean edo orrazten zailak edo ezin orraztuzko ileak direnean.

kalpar. 4) iz.Buruaren goiko aldea, beharbada pertsonetan hor izan ohi direlako kalpar ohikoenak.

kalparrak izan. 5) ad. Ausarta edo kementsua izan.

Eskuarki ile-multzoa adierazteko erabiltzen da kalpar hitza, baina askotan esanahi zehatzagoa izan ohi du; horrela, animaliaren edo pertsonaren ilean agertzen denean ile-bihurgune edo izar bat adierazteko: horri deitzen zaio, bereziki, kalparra. Ausardia edo kemena adierazteko ere erabiltzen da, uste izana baita kalpar nabarmenak dituena ausarta, indartsua eta kemenez betea edo antzekoa izan behar duela: horrek ditik kalparrak! Zentzu zabalean buruko ilea adierazteko erabiltzen da kalpar hitza, batez ere harroa, gaizki orraztua, zikina edo nabarmena denean: moztu ezak kalpar hori, mutiko! Dena dela, gure inguruan erabiliago da, seguru asko, txima: moztu itzak txima horiek, motel! Norbait burusoila dela adierazteko erabil daiteke kalpar-motz hitza, edo, hobeki esanda, ilea motz-motz duela adierazteko, kaskamotza dela esateko. Animalietan ere izaten dira kalparrak, behi eta behorretan izar edo ile-izar ere deituak, batik bat kopetan direnean. Txakurrei dagokionez kalpar zentzu zabalean erabiltzen da, batik bat, esaten dugunean txakurrari kalpar-ileak harrotu zaizkiola. Hau da, kalpar-ileak harrotu, (animaliei) kalpar-ileak harrotu diogunean, esan nahi dugu animalia horri, batez ere txakurrez ari garela, haserretu egin dela, eraso egiteko joera hartu duela eta hortz-haginak erakusteaz gainera buru-gaineko eta lepaldeko ileak harrotu zaizkiola.