Zarrasta

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2022ko eka. 18a, 12:10

Ikusi hitzaren esanahiak

zarrasta. 1) iz. Zarrata, urradura; zentzu zabalean, min egiten duen ekintza edo gertaera.

zarrasta, euri-zarrasta. 2) iz. Zaparrada, euri-zaparrada.

zarrasta, pixa-zarrasta. 3) iz. Pixa egitea, pixaren isuri zaratatsua.

Hainbat lekutan zarrasta erabiltzen omen da guk zarrata edo urradura esaten duguna adierazteko. Horrela, laharraren arantzak zarrasta egin diezazuke besoan, edo maite duzunaren erantzun txarrak zarrasta bihotzean. Gure artean gehiago erabiltzen da erortzen ari den likidoa adierazteko, eta baita haren hotsa iradokitzeko ere. Horrela, euri-zarrasta da zaparrada bat (gehienetan laburra, iraupen gutxikoa, baina ozena, zaratatsua) eta pixa-zarrasta pixa-erreka baino gutxiagokoa den gernu-isurketa zaratatsua. Kontuan hartu, bai batean eta bai bestean, hitzaren esanahian osagai nagusia soinuarena da, euriak edo pixak egiten duen soinua azpimarratzen da zarrasta hitz horrekin.