Hede

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2023ko urt. 11a, 12:13

Ikusi hitzaren esanahiak

hede. 1) iz. Uztarria idien edo behien adarrei lotzeko erabiltzen diren uhalak.

hede. 2) iz. Uhala, larruz egindako zerrenda, batik bat mehea eta luzea dena.

hede. 3) iz. Erromaleak,zaldiak eta kidekoak gidatzeko erabiltzen diren uhalak.

hede. 4) iz. Hedez edo uhalez egindako tresneria edo lokarriei ere hede deitzen zaie (zitzaien), maiz.

Gaur egun ez da maiz erabiltzen den hitza, baina lehen aski ezaguna zen baserri-munduan, uztarria behien edo idien adarrei lotzeko erabiltzen ziren uhal edo larru-zerrenda luzeei deitzen baitzitzaien hede. Hedaduraz, uhal mehez egindako tresneria edo lokarriei ere era horretan deitzen zitzaien: hede. Horrela izanik, esamolde ugari erabiltzen ziren hedeen izaera ezagutuz hark dituen berezitasunak adierazteko: zaila, zimela, zaildua, zalua… Zerbait oso zaila bada, hedea baino zailagoa dela esan ohi da, baina ez pentsa egiten zaila den zerbait, gehiago jaten edo zatikatzen zaila den zerbait, baizik. Horrela, haragia, okela edo jaki bat hedea baino zailago dago esaten dugunean, esan nahi dugu ez dagoela batere samurra. Zerbait zalua denean oso, erabat zalua edo biguna, hedea baino zaluago dela esan ohi da (zen). Erraz eta bizkor higitzeko gai den norbaiti, arina eta zalua den norbaiti… hedea baino zaluago dagoela esaten zaio. Era berean, zerbait zimela bada oso, esku artean biguna eta moldakorra, hedea baino zimelago dela esango dugu, eta baitabigundua dagoena, freskotasuna edo garai bateko trinkotasuna galdu duena, zimela dagoena hedea baino zimelago dago. Hala ere, pertsona zimela ez da beti zimurtua eta bigundua dagoena, adieraz baitezake gihartsua eta zaildua dagoela; beraz, kasu!; norbaitengatik esaten badugu hori hedea baino zimelago dago, esanahia izan daiteke “hori gihartsua eta zaildua dago”. Hala ere, gauza garbiagoa da esaten denean hori hedeak baino zailduago dago, esan nahi baita edozer gauza jasateko prestatua dagoela, edota lan gogorra egitera ohitua. Gurdiaren pertika uztarriari lotzeko hedebereziei gurtede deitzen zitzaien, eta iparraldean hedexuriak dira jendarmeak (uhal zuriak dituztelako / zituztelako uniformean). Zerbait eskasa edo okerrekoa dela, edota komeni ez den gaiak erabiliz egin dela azpimarratzeko, esamolde hauek erabiltzen ziren: 1) abarka zaharrekin egindako hedea baino eskasagoa da 2) abarka zaharrekin egindako hedea baino okerragoa 3) abarka zaharrekin egindako hedea bezala. Beste norbaiten lana baliatu norberak etekinak egiteko, berriz, honako era honetan esan ohi zen: besteren larruaz hedeak egin ditu horrek. Esaera zaharrek ere halatsu diote: 1) Askoren fedea eta abarka zaharrekin egindako hedea, berdinak. 2) Bertzearen larruaz hedeak luze. 3) Larrutik hedea. 4) Narrutik (larrutik) hedea.