Izaron hautsa

Erabiltzailearen aurpegia

Simone de Beauvoir-en hitz eraldatuekin ureztatzen dituzte gure kostalde ertzetan hain ohiko bilakatu dituzten limoiondoak. Limoien azal ustelduekin, ondoren, posmodernismoarentzako ximaurra sortuz. Zuhaitz hauen itzalpean bilatzen dituzten xiringa eta panpinezko hartzatxoentzat, erromeriak ospatuko dira, denon alaigarri. Ze guaya dena, aizue.

Ez zen sekula ezerezean zintzilikatutako erakuslehioko zoriontasunaz jardun Anje Duhalde. Baina ez zuen, ezta ere, Pedro Almodovarren filmarik antzeztu. Zer ez ote da zoriontasuna? Nora ez ote doa zoriontasuna?. Zeinen urrun iritsi litekeen bat atzera begiratu beharrik ez duenean. Edo ingurura. “Garaiak bultzatuta ari zen Lourdes Iriondo herriko arazoen berri kantuan, iada ez da modu horietan ibiltzeko beharrik hemen. Aspaldiko kontuak dira.” Fermin Etxegoienek. Uribeetxeberria bigarrena. Zein guaya izan litekeen, ezer ez diona. Behin eta berriz errepikatzen den “Movida madrileñaren” burgesiaren printzesa edo printzipe izatera ere iritsi litezke. Nork daki. Eta nerabezaroan sartzear dagoen gaztetxoak izarapean gordetzen dituen lehen paperezko mukizapi horien gisara erabiliko dituzte azken hauek, beraien zirku-jokoen kupo etnizista osatu ahal izateko beste behin ere. Aldiz, azken gauaren hotzak eta hezetasunak, adoleszente amaigabe hauen talentuaren neurrira eginiko gitarren hariak izoztuko ditu. Eta orduan, orduan ixilduko dira hauen inguruan dauden argazkilarien klik eta flashak. Pozoindutako laudorioak eta unibertsitateko errebeldeak izan ziren irratiko esatarien zurikeriak. Like-ak eta youtubeko zuzenekoak. Horrenbestean ez dute, harritxintxorrik txikiena ere mugitzeko gaitasunik izango. Ez da inor iada haien ondoan izango. Dean Moriartyk daraman jaka zahar eta zulatuaren barnean ere ez dute lekurik izango.Kolore indartsuekin itsutu beharko dituzte euren etxeak eta hauen horma guztietan zintzilikaturik izango diren argazkiak, bilobari, haundikeriz beteriko hitzaldi bat tarteko, erakutsiko dizkiote. Baina ez pentsa, erabateko eta merezitako ahazturuak, hauen bekatuak arindu edo barkatuko dituenik. Une horretara iritsi bitarteraino, bide ertzetan galdu diren benetako kantariek ez dute gaztarora itzultzeko aukerarik izango. Nork berreskuratu behar dizkio honi, kontzertu hutsen ondoren eginiko negar guztiak? Baina ez gaitezen “Mr.wonderfuleko” edalontzi ertzetako esaldi hutsalekin galdu. Ez da zoriak ekarritako trebetasun batzuen ondorioa. Benetazko hustutze prestakuntza baten azken fasearen lehortea baizik. Gu, gure guayismoa tarteko, fase horren ezinbesteko partehartzaileak izan garelarik. Baina irudi beldurgarri eta arrotz honen atzean , ezin esan dena galdu dugunik. Oraindik. Bada zirrikiturik gure zauriaren ertzetan non gaziak gozatzera iritsi gaitezkeen. Lehen aipatutako prozesu horretan beti ahaztu izan ohi diren horien ohiturak ez baitira kontutan hartu orotara. Egonkortasun atsedentsu honetara ekarri gaituzten guzti horiek, hain zuzen ere. Orain irrati eta telebistek bizkarra erakutsi dieten horiei. Behintzat, eta “behintzat” hori oraindik gurea izanik, soziedade zaharretako bazkalosteko kantuak, izarren hauts, txorien askatasun, arrantzaleen arazo edo bertsolari baxenafarren jabegoa izaten jarraituko dute. Inork ez du limoi, limoiondo, Paris edo gris koloreak izan ditzazkeen tonu ezberdinen kantuekin alaituko deus.