Lepoan hartu eta Stand by me

Erabiltzailearen aurpegia

"Ez nuen aurrerantzean hamabi urte genituenean bezalako lagunik izan. Jainko maitea! Inork ba al ditu?". Udara amaigabearen oihartzun errepikakorrarekin apaintzen ditugu umetako zauriek gure gorputzean utzi dizkiguten aztarnak.

Inon hara itzultzeko bidezidorrik izanez gero, gure belaun buruen urratu zaharrak ikertuz bila genitzake. Filma honetako protagonisten udara ez zen amaigabea izan, denon zoriaren kalterako, baina negua bai. Bazterretan bakarrik bizi diren pusketez osatutako laguntasuna eraiki zuten eta birao garratz eta zigarroekin, euren izkinak leundu. Nolabait, ertzeko zati izaeraz jabetu ez bitarteko bidaia da hau. Ondoren dena da amaiera. Ondoren, jada ez da inor herrian geratzen".  Ia institutuko aurpegi ezezagun bihurtzera heldu ziren”. Dena lapurtu aurreko udara begiratzeari utzi genion, denak aldi berean. Ibai gainean zintzilik dagoen egurrezko zubia zeharkatzera ere ausartu zen lagun talde hau, trenaren zarata atzean mehatxuka zetorrenean. Estuasunak atzean utzi ondoren,ordea, ez da trenarik azaltzen filma osoan zehar. Ez du sekula atzera begiratzen, bidean pausu pare bat besterik ibili duenak baina gaztetxo hauek guztiak, hasi orduko amaitu beharko duten ibilbidea gurutzatzen ari dira. Eta nola esango diegu orain amaitu dela?. Nola kontatuko diegu ibaiaren lehortearena?. Lortu izandakoa ahaztera behartu gintuzten, abentura berriak bizitzeko grinak ixilarazteko. Adoleszentzian sartu aurreko azken askatasun ohartezinaren zantzuak ustelduz joan dira. Denok hegan egingo dugun haize arin horri darion kiratsa usaintzeko gai ez garela oihukatzen digu Stephen King-ek, artelan honen bidez. Erretzear dauden baso kixkalien artetik dabilen ume nekatuaren oihu antzuak dira. Babesa, taldearen gezurrezko utzikerian aurkitzen duten ume gurasogabeak. Behin komuneko krisketa itxita, ez da atzera egiteko aukerarik. Filmaren belardi zabalek ez dute algararik erakusten, ez eta berezitasunik. Idazleak horra itzultzeko beharra sentituagatik ere, noraezean dabilen jaioberri negartia da. Ez daki nora itzuli, ez daki non dagoen, noiz moztu zituzten zuhaitzak eta noiz desagertu ziren Gordie eta Teddy. Konpon gaitza den ezinegon horrek olioztatuko ditu mekanismo nazkagarri honen kateak eta leloak. Erakusleiho erraldoiak isuritako tximista koloretsu eta trumoi zaratatsuek estaliko gaituzte, hondar azpian ixkutatu zituzten adokinak bezela. Beraztasunaren mugetan aldiz, inguruko lagunek, hiltzear dauden azken soldaduaren indarrak batuz, talentuaren jabe den lagun bakarra alde egitera behartzen dute, ezerezaren zorroztasunak eskumuturrak moztu baino lehen. Taberna bazterreko kuadro itsusi bat bihurtu baina lehen. Eta bihurgunea atzean utzi ostean, inon ez dute berriz sentituko, merkatuko haginek pozoindu gabeko gorputzaren zatirik, besarkaden berotasuna epelduz. Ezin da zulora jauzi egin, zuloan zaudenean. "Arraroa al naiz, Chris?", "Bai, baina denok gaituk arraroak, lasai". Halaxe diote tramaren arazoaren unean sartzear direnean. Erantzun hori nahikoa izanik, kezkak sortutako beldurrak ixilarazteko eta itsasoak zeharkatzen ari den pirata ontziak abiadura berreskuratzeko. Lapurreta egingo duten irla berrien bila. Hormigoizko zutabeen artean galdu diren irlen bila. Ez Chris, denok gintuan arraroak.