Itsasoak ez du hesperantzarik

Erabiltzailearen aurpegia

Leihoko zirrikituetatik zintzilik utzi zizkigun Luis Haranburu Altunak, 70eko hamarkada haseran erretako zigarroen hautsak. Erritmoa pausatzeko gai izan zen, abiaduraren eskaintza, goragalera iristear zenean. 134 orrialdera ailegatzen ez den bitarte bat besterik ez. Itsasoak dakarren xahututako denbora guztia, liburuko hitz bakoitza urtzera iritsiko da. Ximelduz joango da, euriak bustitako zakarontzien gainean. Eta horror vacui-z estaliko da hiriburuko kareharria. 

Bidaia guztian zehar ikusiko dugu nola, bikotearen zentzua erabat zurruna duten ibiltari hauek, hondarrean duela urte asko utzi zituzten oin pausuak gurutzatuko dituzten. “Harri hoik bezala zara, urak ez die dues egiten”. Sinismenaren eraldaketa bortxatuak, eramango ditu Xabier eta Ines, lepotik zintzilik eramango duten ezinegonaren pisua sufritzera. Azken estuasunean, indarge, eztarri urratuetatik putz egingo dituzten izenek, konposatuko dute atzean utzitako maskor oskolaren musika banda. Inork sekula belarri ertzera hurbilduz gero, ezereza sentitu ahal izateko. Ezereza eta ezereza eta ezereza gehiago. Paris urrunaren ohiartzuna etorriko balitz bezela. Jean Paul Sartrek arrakalatu balitu bezela sexu hotzak zikindutako izara zuriak. Ezbeharrera zuzendutako korrika saioak. Lo egin ezinak utzitako ubelduak. Asteazken errepikakorrak. Eta ozpindutako ardoak. Gezurrak hilbanatutako muxuak eta gela hutsen azken usainak, egun berriaren ezinbesteko etorrerak eramango dituelakoan ahazturuak. Gela huts berak itzali zuen, nobelaren hondoan sumatzen den iratzargailua. Tradizioaren lekua ordezkatuko da artelan honen bitartez, gure ohe buruen gainean nostalgia iltzatuz. Kopetean marrazturiko kontraesanen arriskua lausotuz. Erosotasuna plazaratzeko bidezidorrik ezezagunena erabili zuen ordea, Haranburu Altunak. Itzalak jota zegoena. Eta horrenbestekoa izan zen eztandaren soinuaren hedadura. Desiratutako umezaroari negarrez jarraitzen dioten irakasle gutxiren hitzpide izanik, tamalez. Existentziaren jabegotasuna zalantzaren baitan landuko da hemendik aurrera. Noraezeko garraztasunak ere, xarmaren ikuspegitik behatuz. Goibela da dotorezia. “Tente dira harriak, zeruari desafio eginaz”. Otsana den zeru horri desafioa eginaz arintzen dute, barne nahiak eskaturiko bereizte sentimendua. Halakoa izango da gure estalpearen larrua. Asfaltoa eta zeruaren arteko sakabanatzea neurtuko duen ortzimuga desagertuz. Izakiaren arintasun jasangaitza (Milan Kundera). Muga bakarra, igandeak dakarren amildegiaren ertzean kokatuz, iraganen dira urtaroak. Zuribeltzera iritsi artean, ximurrek dakarten istripuaz jabetu gabe ustelduko dira parte zaharreko mozkorren azken ilusioak, gaztetan hain orraztuak izan ziren melena beltzak. Istorioaren zoru gainean, bi ikasle elkarren aurka lurrean. Bi bizkarren arteko talka. Txaloen axolagabekeriak handik aterako dituztelakoan, inor agurtu gabe. Bertan jarraituko dute. Eszenatokiaren erdoila dastatuz leunduko dute iraganak dakarren zor eskaeraren kiratsa. Atzean nor ote den intrigaren irtenbideari hormak eraikiz. Paperezko prisondegietan, gaur, madarikazio gutxi batzuk loarazten dira insomnioaren aldamenean. Nekeak gazituko du ostantzean amodioa. Eta ez alderantziz. Itzal gutxi batzuk besterik ez, begiak itxi nahiaren aurretik. Oso urrunean iada, dena. Ezer gutxi da, iada, dena. Ezer gutxi, itxasoei esperantza ostu ondoren, eta Ines eta Xabier, Donostiako kaleetan galdu ondoren.