After baino lehen eta Irenismoa

Erabiltzailearen aurpegia

Itzalpe ilun honetan biltzen garen oso gutxi batzuek, aski ezaguna izango dute hutsaltasunaren hutsune existentziala. Eta zein zulok du hutsune gehiago, sukalde huts batek baino?. Bergmani aurpegiratu bezala; “Hik beti filma berdina egiten duk”. “Noski, nire filma duk”. Izanataz nekatuak ez zaudeten betigazte negargarri guzti horiei, adio.

Ordenagailu atzean ezkutatzen gara, gau ilunaren pisu jasangaitzak aurkitu ez gaitzan. Iada ohartezina den kresal usaina eta kaleko argien ahultasuna ketu ahala. Zarataren behar konstanteak irensten duen bitartean dena. Ezinenzko barkamenen igande geldoak eta istripuekin korapilatu nahi diren amodioak. Biharamunak zabaldutako kaos isilean usteltzen diardute inoiz amestuak izango ez diren desirak. Abandonatutako tren geltokiak. Igerileku hondoan galtzen diren uretazko pistolak. Edo eguzkiak beratu ezin dituen arimak. “Ezin naiz bilatua izan larrosaren azpian”. Nora ote doa, nora ote doan ez dakien hori?. Mugarriak ezagutu nahiaren bide zabarretan dantzan ari dira hiru pertsonaia hauek. Belaunaldi jakin batek ekin zion deserrira, drogek eskeinitako harridura pozointsu horrek argiztatutako lamien alua. Alberto Rodriguez zuzendariak nahigabean sorturiko errealitatearen eszena da. Bitsak itsasoa dakarren bezala. Muxuek, samina. Bakartasunak, bakardadea. Dutxapean, ur hotzaren dardarrean, ikusi beharreko filma zen hau. Berehalakotasunak sorturiko kutxazainaren beharrak ase ez zituena. Noraezean galdua den artelana, bilatua izan behar dena, ez ikusia. Estandarizatutako bizitzen aspermenean apaintzen dira erakuslehoiak, desberdintasun guztia, baldosa hotzetan loreztatuz. Desezagutzeko mozkortzen diren helduak. Gurutzebideak ustez gaindituak dituzten horietaz arituko gara. Zorigaitzekoak haiek, lehen aldiaren beldurrak gainditu dituztenak. Sekula gainditu behar ez ditugunak. Etengabeko odolhustutze prozesu batean doan azken gerratearen soldadu berriak sentiarazten gaituzte, ahazturuak baina indartsuagoak izango diren begiraden bila, berriro ispilura ez begiratzeko motibu izango diren begirada indartsuen bila. Umeak ohepean egiten dituen bihurrikeria antzuak. Carpe diem latinezko esaera nazkagarri honek sorturiko desastrearen gordinaz jabetuko gara. Lurrun grisa eta lodiaren atzetik galtzen da txakurraren azken arnasa, eta haren atzetik, patetismoan erdituak izan diren esperantzak. Semeak bereizten ez duen aita horren egarriak, baretu nahiko ditu jipoaren aitzakiarekin lehen protagonistak. Giza gorputzen lapurren inbasioa (Don Siegel). Zuri beltzeko hotelen gela garbietan erraztu nahi ditu maitasunaren beira pusketak, alfonbrapean sorturiko mendien tontorretako elurrak arnastuz. Eta, ai! Hirugarren honek sufritzen dituen arantzak gorputzaren biluzean. Zakuaren lepoa itotzear dakar bizkar gainean, amatasun behartuaren lorpen ezak sorturiko ezinegonaren zalantzak ezin karriaturik. Irenismoaren fikziozko bilaketan diarduten garaikidetasun gris bateko aktoreen azken hasperenak. Jainkosaren behatzak mihazkatuz lasaituko dituzte, barnean daramaten haur jaio berriaren negar ohiuak. Dastamenaren azken zentzuak garraztasunarekin soilik berpiztu daitezkenean, amaiera da. “Non c'è cosa più amara che l'alba di un giorno in cui nulla accadrà”(Cesare Pavese). Ubelduak eta gazki ulerturiko sexu txarraren tristurak eramaneko martxoak. Azken hondarrean, hotzaren bazterreko izkinetara bideratu nahi gaituzte, baina kontsola gaitezen, izan ere galdutako paradisuak dira, benetako paradisu bakarrak.