Manuel Lasarte Arribillaga

Erabiltzailearen aurpegia

Nafarra izatez, non hangoa lo hartzez. Sekula inoan lo hartzerik lortu balu Manuelek. Sendo gazte, ohiartzunak. Nondik ihesi zuten oroitzen ez diren horien diaspora. Zurbil. Gari zelaiak lehortzear. Exiliatutako printzea zen hura ere.

Lehen arnas estuak baldintzaturiko melodiak estaltzen du neurria. “Nik sendatuko zaitut zu, Manueltxo”, zioen Pagolak, aiako mediku zaharrak, sabela izotzez igurtzi ondoren haur gaixoari. Esperantzak harrika, Caronte. Eskuak erne, gorantz, ume umetatik. Daguerreak gela ilunetan dira, tantaz tanta, kolorea hartu artean. Richard Cory bezain irmoa ibileran, hau bezain argala, piña. Kresalak laztandu gabeko oinen pisua. Ozpindutako itsasoak txistukatua, baserriaren horma grisek orraztua. “Len olakoa ez nitzan”.Gaur zen lehen. Beharrezko garraztasun hori ulertzeko zuen zuzentasunak margotzen digu gaur, bera, hain urruneko. Gozamen garratzaren ibaiak isilik darrai, ohe erdietan direnak narrastu nahian. Omnia mea mecum porto, errima guztiak zorroztuz. Alaba begietakoaren ezina, kantuaren indarrean trabaturik. Garlopak leundutako sentimenduak eta gorbata beltzen itolarria. Zein aiz hi?. Gaitasunez urri gara, behar beste ulertu ahal izateko. Pitzaduren sakontasuna argiztatzeko. Franki etxearen itoginak konpontzeko. Suhautsak, hala, bero dira oraindik. Erruaren beharra, zutunik. “Arbol zarra, lur batetik atera ta bestera eramaten bada, igartu egiten da geienetan”. Zerikusi meheen hariak estutzen ditu biziraupenak limatutako txorkatilak. Zapata bakanak lorontzietan. Jenioaren balbea. Ed hopper-en gautxoriak; Uztapide, Basarri eta Lasarte, bourbon-az alkar kontsolatzen. Munduak dakarkigun bilakaerari marmarrak jaurtitzen. Eta “penaren morroi eginik” baretu zituen zetorren desiraren pazientzia egarriak. Inon egokitzen ez diren ispiritu bakartien berandu eratorritako erakargarritasunak. Gehien denean beharrezko, lurruntzen dena. “Gezur  ta egi, alden artean segi, ezingo degu egin, negar geiegi”. Barneko zurrunbiloak eskatzen duen askatasunak kolpatzen ditu, kanpandorreko burniak. Honela soinu egin, bila ditzan fedeak galdutako arimak. Hego haizea doma ezina da. Bere bertsoak, gauaren tankeran, azkar joanak, mila zauri eraginak. Bizkarreko labankaden zauri erdoilduak soilik zeruratu ditzazketen begiradak. Hauspoak irentsitako gertakari guzti horiek gazituko dute gose direnen mahigaina. Leitzako herria biziarte omenduko duten lau bertso haien dizdira, poeta kaskarren ipar izan dadela aste tarteetan ere. Azalkeriaren aurreko azken urteen beharginak, patuaren zoriaz, errealitateak baztertutako oasien iturri. Garai ertzetako euskaro desberdinen irrintziak, afoniaz suma litezke, limosna eskean. Irribarre ezkorrek, isladan dute errespetua. Miresmenak lizuntzen ditu inguruko ohiuak, horiztatutako liburu berrien orriak. Ordularien orratzek sorturiko gurutzebidean, denboraren kontzientziari gutunak idatziz. Kukua, mutu. Igarotako orduen kartografoa. Biluztutako mendi eta logelen narratzailea. Erramu hostoak, euria, maldan behera. Hatzen dardara, kafea beltza, hutsa. Umil ekarri ditu gugana, ez balitz bezala, temporen penitentziak tolesteko abentura bakarra. Zeruaren soila. Oroigarri gisara, bularrean iltzaturik, txaloen uhina. Izar hilen argia. Itzal handiko gizona. Errota gelditu zen arte hautsak hartua. Baina “zintzotasunak asko janzten du” eta gordean zenituenak, orain, hemen. Su kolpez itxuraturako sufrimena, duintasuna; Zein, hi bezain dotorea?