Rodión Románovich Mollarrin

Erabiltzailearen aurpegia

Zerutzen dira olatuak, erruaren kargak jauztean itsas hondora. Ezbeharraren etorrerak leundu, bihar, kresal ertzak. Nork berreraikiko ditu itotako zubiak? Nola berridatzi idatzi gabeko liburuak? Non dolutu iraganeko neguetan galdutako naufragoak? Noiz dira orain, Nietzsche, atzoko gauak?

Arrokek hustunduko dute nahiarik gabeko egun argitzea. Sufrimenduaren desirak orbandu azazkalak. Ez dute ohiartzunek jaramona, ohiturak txikitzean beirazko panpina. Leku oro da ahal dena soila, eta pobrezia, egi bakarra. Ai! Zenbat mozkor eri ikusiko duen Raskolnikovek, malekoitik murkilean. Ez du haserarik amaierak. Ez eta betazalik. Nora ostu zituzten ostiralak?. “Badira eternitatean egun adina urte”. Kupida du, basapiztiak, maitasun gisara. Hilbera, probaleku, ibiltari hezurtuen irainen haizeaz. Aharien talka-garrasiak hauts turnatzean, giltzarrapoak jaurti; gurea dun espetxea! Biloak karetu ahala gorputz eginen da denbora, infernuko etsaia. Eta bakandu zenean indarraren distira konpreni zuen nola zen Sonia zain zen bakarra, txakurrek ura behatzean bezala. Errealitateak badu kopeta iluna eta hortza horiak eta iragarriko du enbata amaigabe bat. Rodia da bitartean, paisaiak eraldatzen kaleen mugak zintzelatuz, gezur-sukarra bizkartzen. Estutzean existentzia hutsalaren itzalak, biluztu beharra du ezinbestean irlan zutik den zuhaitza. Duintasun gabe. Nazkaren kiratsak epeldu ditzala aurrerantzean ostatu merkeen gelak. “Ez abiatu ezer, ez inora, haserre zaren bitartean”. Ispilu pitzatuak zeharkatuz dabilen ibiltariak du barealdia ekarriko, nahiz inork ezagun ez izan. “Nik ez diat ahaztutzeko edaten, bikoitza sufritzeko baizik”. Marmeládov jaunaz pentsa dezagun, aldiz behin behintzat, egunero. Ohepean larrosa ustelak eta oinak ohe-izkinen amildegietan. Korrontearen ideia salerosketak soiltzen du barkamena, mundua dorrez josi ondoren, lautadak, zuloz. Departamentalizatzen biziaroa, zentzugabetzeko barkamena. Pisua badu, bada, ezean, ez da deus. Deus. Svidrigáilovek peccatum originalari iraungitze data zigilatzean,  salbazioa tirokatzen dio eneari. Zer aurpegiratu behar honi?. Erakutsiz ase litezkeela, igande beltzen arrats zuriak. Bidea da atzoko itzala, sarean kea eta hegan Borgesen Goofus txoria. Izerdi tantek orraztean pentsamendu bakanak, egin korri, lekutu atzea, galtzean gezurrak, izen berrietan. Astia dute orduek gogortzeko espaloia, zurrumurruak zabaldu eta gu irensteko. Egin korri, arin, Razumijin, ez duk merezi trabarik. Zabaldu hitza eta ez izana, uholdeak lokaztu antzera kaleak. Sekula bilatuak ez izateko marraztutako mapak, agian, gure aurrean. Egutegi kixkalien puzzleak. Putzleak. Lo nekatzeko, Románovichen konortea. Farorik gabeko isola mollarri; ihes egitean pentsatzen ari den horrek, aspaldi du ihes egin. Eta ez dituzte errukituko bi tarte horietan igarotako zigarroak. Labandutako esperantzak. Zein da frakasoen pilagarritasun ahalmena? Umeak dantzan, kale eskean, txanpon botilen musika dardaraz. Notak zintzilik, arropa zaharraren aldamenean, elkar hartzeak lehortu ezinik. Gaitzak beregan du hartua damuak dakarrena. Ezin bereizi daraman bidea. Botiletan erreguak. “Sei migliore di me” errezatzen dio kantuan dabilen uharteko fantasmari. Sónechka, eman diezaiogun alkarri, betiko, lurra. Hi haiz ni, eta izango haiz beti.