Hunter S. Thompson eta Jai Alai

Erabiltzailearen aurpegia

Deus bagina gisan zulatu zituzten gurpilak. Hezea da errepidea, gu garenean. Gau arnasak dira ezer gutxiren artean, kixkali gabeko ezer gutxi hori. Baina hain urrun dago Las Vegas. Hain urrun da gaur.

Esan zaidazu ene ahazturua, nola izango garen halabeharrezko egunsentiak zure galtzerdiak hegaztean ene leihotik eta etzidamu datorren izotzak errezeloak itxi. Aspaldi abandotatua izan den eroetxea, belar txarrez hartua. Amets amerikarraren hare aleak. Baina H. S. Thompson-ek ez baleki txanponik ez dutela egunek eta beti dela agian. Behintzat ezinbesteak irenstean. Honela bilakatu gaitezke, zentzugabekeria nazkagarriaren ajean, talka konstanteko erlijioaren fededun berriak. Sekula bizi gabeko oroitzapenen itxituran. Zakurraren zaunkak ia ilunabarra bera baina lehen. Nahikoa duk, Hunter, ez diagu gasolinarik. Atergabeko eternitateak lehortzen ditu gure eztarriak, eta zu, beste gabe, hor zaude… beste gabe gainetik doakizu. Ez duzu atzematen. Itsaso lodi eta astunak ito ditu hare ordulariaren zaratak. Ez du burrunbarik, argi kartsuaren hutsune mehe horietan, Jai Alaieko haize garrasiak. Agian hala beharra zuen izan, eta tren geltokietan munduak badaki orain nora jo. Hunter, zenbatek erregutu digute lekua, gasolinarik gabeko auto honetan? Arpegi hauek galeran ziarduten, azkenean orotara galtzeko, zuriz janzteari uztean. Atlantikoa nabigatu, berriro ere atlantikoa nabigatu ahal izateko. Atila moduko bat, berde gabeko itzaletan, hain xume, hain soila. Egia aurre eman, haurtzaroko dagerreak kixkaliaz. Ahazturuak ere ez dik kupidarik izango hitaz. Bizi osoko espetxe zigorra jaio ginen denboretan. Belaunaldi berriek orraztuko dituzte euren bilo ahulak, hautsiak diren 1971-ko Chevy impala-ren faroen isladan. Hastapen larria, desertuko Mint 400 lasterketari. Hondarrean utzitako arrastoek ere ez dute autoaren kolorerik oroitzen. Hautsak ezkutuan du guztia hartzen eta irakurtezina egiten du. Dena baretzen den arte eta gehiago izan ez arte. Inon. Irratiak frekuentzia tolesten du, alperkeriaren eta erreminaren artean. Etorriko da heriotza eta izanen ditu estatistika zutabeak begi ninietan. Iztarretan zauriak egiten dituen nerabe eternoa. Ilea, bruna. Infinitu txikiak. Il dolce far niente non é troppo dolce. Orain, lo egitea besterik ez dugu, autoaren atzeko eserlekuetan eratzan eta hortzak estutu, lo hartu ahal izateko. Etor dadila goizean goiz desertua, bere hotz guziarekin eta arrimatzen gara, beste behin. Beste behin lo egiteko. Usteldutako enbor baten ezpalak, odolhustuko ditu zure begiradak, igarotako negu guztiez. Zigarroek ere ez dute menta zaporerik gaur goizean. Ez du euririk gehiago egin behar. Gure galtza motzetako arratsak horretan galduko balira bezala. Ongi jakin gabe, txori ala unikornio urdinak diren gu oldartzen gaituztenak, gure Cadalsoaren atarietan errefuxiatu aurretik, gure udazkenak diren hauek. Irudikeria eta zure hatzak korapilatzearen ahaleginetan. Ezerezari etsia hartu, ezereza soilik geratzean. Hezurren hauskortasunak jasan lezake nostalgiaren pisua. Hunter, esan diat ez diagula gasolina gehiago. Hunter! Hunter! Ez adi saiatu, ez duk gasolinarik geratzen.