Ni, Christiane F.

Erabiltzailearen aurpegia

Gutxi batzuk besterik ez ziren egiazkoak, baina eszenan ez dute ahotsik. Bide horituak itsaslabarraren hegoaldean. Betiereko giltzarrapoa zainak urratzen. Iada ezagutzen ez dituzun aurpegiak. “Nahi duzun lo guztia eginen duzu hila zarenean”.

Heroiarentzat txanponak, hormigoizko eraikin beldurgarriak hegaztean. Marradun galtzerdiak eta takoidun zapatak. Galdera ikurrak eztenkada batean. “It’s too late to be hateful”. Bere ibai kiratsdunak gidatuz dabilen katu beltza ez du usainduko hiriak. Zu ere hilik dagoen biziduna izango zara, eta honela, guztiak alde honetan. Garrasizko errailen tunela eta ondoren etorriko da zu zarena. “Nola sentitzen zaren soilik jakin nahi nuen”. Patuaren azkenetan soilik loratzen den madarikazioa. Isilune nerabeen lohiak segatzen ditu soroak abenduko azkenera arte. Hormako paperaren urradurek dakartzaten itoaldiek, akats bakoitzean errepikatzen den haurtzaroa soilik erakusten dute. Ardo gonbitoak, azaleko azken neurrietan zigilaturik. Izerdi tanta hotzek gure kopeteko biloa blaitu dute. Estali dezala sendo, oroitzapen iragonkorrek sorturiko dardarak menderatzeko. “Urrundik guztiak dirudi berria eta hunkigarria”. Hurbil zaitez, hurbil zaitez nire begizuloen itzalpera, iada ezer irakurria izan ezin denera. Ilunduraren hastapeneko zulo hutsek ere ez dute gogaituko putzuaren zikina zipriztintzean. Azazkaletan galdutako gurak, isurbideko mugetan. Soinuak eskeinitako kolpeek bi mukizapiren pisua soilik jasan dezakete. Nora itzuliko gara? Behardunen ziurgabetasuna, aurrera korri egitean amildu ahal izateko. Zigarroek hilbanatutako denbora hilak. Norbanakoa aterperik gabe. Gezurrezko simetria honen bilaketa bortxatua, orekaren ezinegonak talka eta horma lakatzak. Atearen ertzetan argi ahula. Besteak soilik borrokaren erdigune ziren. Zeharka begiratuko dio ea edonor izan zen pentsamenduen gainean, haserak eskilarak jaistean. Orain ondoren, Berlingo zoo geltoki handiak, deusean, halabeharrezko hamalau su gozo itoko ditu. Ezpain lehor batzuen pitzaduretan noraezean dabiltzanak. Ikusia izatearen beldurra, ezerezaren aurrean belaunikatu ostean. Guztiak izan behar du arina, Detlef. Burutapen oro, arin. Keinuak. Urturiko heldulekuak eraztun nazkagarri baten dizdiretan. Arnas estuak begi niniak zeharkatzen ditu, jostorratz buruen gisara. Are gehiago izan zen gelako izkinen hotza. Berriro ere elkar biltzearen tentaldi jasangaitza. Atzoak dakarren balbearen ohiua ere ezin genuke saldu, ukabilek pairatzen baitute bat etortzen ez den altuera. Haize leunak ez du urruneko zaunkarik eraisten. “Zer gertatuko da ondoren?” Ondoren gu gertatuko gara. Goiz hura badator iada, nor izan ez ginen ezagutarazteko. Zakarretan ezkutaturik, zaldi herabearen leherketak eragingo dituen mila zirrikituen itxaroan. Babsi, nola alde egin zenuen inori aitortu gabe, zein egun zen gaur? Noizean behin, guztia gerta liteke, ohartu ere egin gabe. Egunerokotasunaren abiaduran xahututako larrialdiak, atzean direnen zorabioak daramatza. Estutzen zaituzten zapatak eta aztarna ahulez beteriko iragana. Atzera bueltak ez du musikarik. Ez eta inolako egintzarik. Biharretan ainguratutako korapiloak berriro hartzeko ezina. Ispilu hautsi baten puskak hakartean, sasikumeek ahantzi dezatela zauri bakoitzean euren koldarkeria, emakumezkoen komunetan sartu aurretik eta dena hautsi, Bowieren Sense of doubt entzun arte.