Ruta 66

Erabiltzailearen aurpegia

Bizi honen helburu bakarra, aldamenekoen bizia arintzea da. Biziaren aditzak suposatzen duen karga astuna, jasangaitza da arima bakarrarentzat. Ez gara sortuak izan gure ametsak betetzeko. Hainbeste iraungo balu…

Hirugarren eskuko Harley Davidson zahar batekin Ruta sesentaiseisa gurutzatu, Tailandiako merkatu zikinetako intsektuak dastatu edo somniferoz gizendutako lehoiak besarkatu Hegoafrikan.

Bitarte luze horretan, Ameriketako desertu lehorretako eltxo guztiak jatean, melena luze hori desertuko haize hondartsuek lausotzean, hire osaba zaharra, euro eta pezeten arteko aldaketara ohitu ezinean, hain paga ederrak eman zizkiana, hiltzeko dago, zahar-etxe batean. Espetxean. Hiltegian.

Eta hi, frijitutako matxinsaltoak irensten, hire osaba zaharrari, hain paga ederrak eman zizkianari, jaten ematen egon behar hintzenean, ipurdia garbitzen edo dutxatzen. Edo bere aldamenean, goizeko 04:00etan lo hartu ezin dianean, urduri, nahigabetuta, beldurrak jota. Ohe ertzean eserita biak, hitz eginez laztantzen, agian berak, noizbait, gutxitan, egin izan zian bezala, beste ordu erdi motz batez lo egin dezan.

Egunak amaigabeak izango dituk. Lana, infinitu huts bat. Eta hilko duk, azkenean, antza denez guztiak hiltzen gaituken bezala, bakarrik. Ez betebeharra zintzo bete izanaren asebetetzea, ez eta horrelako ergelkeriarik. Ezertxo ere ez. Beilatokiko gela hutsena. Nekeak utzitako zauriak. Bizitzak zeharkatzen dizkik zimurrak, begi-zuloak, soildutako kopetak, bizkar okerrak.

Oroitzapen gutxik iraungo ditek, eta ezustean, une susmaezinenetan suertatuko dituk. Tomateak pisatzean Eroskin. Zapatak lotzean, pintxo-potera joan aurretik. Edo, kasu onenetan, itsasoari begira hagonean, udazkeneko arratsalde gris batean. Nola jaten ematen ari hintzen bitartean, eta hire izena ere oroitzen ez zianean, begiratu hinduen, eta garai batean bezala, eskua patrikan sartuz, paga eder bat ematen saiatu huen.

Bukatuko zaik azkenean bai, gasolina, ezerezaren erdian, Texasko deserturen batean, edo Ruta sesentaiseis puta horrek gurutzatzen diken lekuren batean. Eta amaigabea dirudien errepidearen bide bazterrean eserita, ilunabarraren zorian, bakarrik, honetaz guztiaz pentsatu beharko duk.