Buendiatarren azkena

Erabiltzailearen aurpegia

Gu gara maldizioa. Nork lezake izan bibote lodi bat, beltza. Esperantza bezain beltza, haizeari bularra eskeiniaz, gure abizenek ere urratu ez gaitzaten. Inor horien bataila. Ibai izoztuez ez dute hitz egiten Macondon.

Gu gara maldizioa. Ahaztuak izan ziren zakurrak, ahaztuak izago diren zakur gehiago kumetzen. Luzeegia den azala baten ixkinak estaliko dituen eromena. Ausardiaz gaixo, agian, korapiloa eta amaiera, izan zirenentzat.

Gu gara maldizioa. Zigarro hautsetan pilatutako garrasiak eta guztiaren hasiera itotzen duten egiak. Ibaiak gainezka, ihesaldi ahalegin bakoitzean. Pisu gehiegi dute oroitzapenek, estuegia da mundua. Euria beti.

Gu gara maldizioa. Odolaren armiarma sarea deskubritu. Arbasoen zain da trena, berriro ere bide berberak zeharkatzeko. Izan behar zen horren aurrean amore eman. Noraezean, geldi, gure baitan. Pozoina jaurtiz, egon behar ez genuenetan. Zu, burdinezko aspid.

Gu gara maldizioa. Inoizean giltzaturik. Itzultzen dira arratsak eta bira mareek, ito gaitzaten gure izenak. Gure baitan desagertuak. Gu geu. Izan zen gloria txikirik eraitsi. Garlopaz leundutako mihiak, “hala izan ginen beti” xuxurlatuz.

Gu gara maldizioa. Bi pausuetan zintzilik. Exilioaren ohiartzunek tenkatzen dute zubia inoiz hautsi ere egin gabe. Lehortea hatzen artean, arintasunaz beteriko aingura barruan. Harrizko mila oroitzapen etengabean bizitzeko.

Gu gara maldizioa. Lur antzuan landaturiko haserreak. Eta etorkizunera itzuli ezin badugu gure iragana aldatzeko, zertarako guzti hau? Gera gaitezen geldi, nahikoa. Dena hala izan bada orain arte, gaur ez dago zer eginik. Zer beste espero zuten Buendiatarren azkenarengandik? Ebanista on bat, akaso? Ezin dut amets ere egin, ez eta zerurik. Ni ere gugan harrapaturik nago.