Egunsentia baino lehen

Erabiltzailearen aurpegia

Hutsuneak hartu du kalea, leihotik, dena da igandea. Zapaten arintasunak errua lausotuko balu, berriro atzera bueltan. Egunen pisua hatzetan pilatuz doa. Adokinek zimurtuz dirudite. Zigarro mentolatuen ke lodia hortzetan trabatzen da, memorian. Isladak, igaro gabeko bidegurutzeak zeharkatzen ditu. Hor hago oraindik, gauak utzitako orbainak botaka.

Atzera bideetako zubietatik zintzilik jarraituko duk, oinak usteldu arte. Itxaronak ezinezko goizen erreguak daramatza. Hasierak hausten dute amarra, zure begiradako txokoen itzala ulertu bitartean. Lau ardo botilek eta hotzak, gau beteak urruntzen ditu zugan. Ze gutxi diren jada denak! Zure masailen behe-lainoa eta nahasmenean odolustu ez zen logela bat.

Tantaz tanta desegiten da zure arropa. Betiko beraren kiratsa dario herri honi. Kaleek ihes egin diete eta bizkarra eman urrun dagoen guztiari. Sare batek iluntzen ditu egunak. Itzuleraren amildegia besterik ez gara. Itzuleraren amildegia besterik ez gara. Kiskalitako gau hutsal bat, eta komun zuloak irentsitako errautsak. Ezta astelehen goiz kapritxosoek kolpatutako min ziztrin bat ere.

Denborak irrist nire leihoan. Hitz bakoitzaren ertzek dakarten hotzikarak, azal leun izandako gauak suntsitzen ditu. Orain betiko, aitzakia eginak, sekula logelako ataria zeharkatu ez zuten bidaiak eusteko. Kristala kolpatzea besterik ez dugu, oihartzunez erein arnaskada bat. Geltoki bat ibili. Hau, ala izara baten izkinak kamustu, hautsekin negar zotinak erre. Itxaron, desertuko ispilu izan arte.