The Money Pit

Erabiltzailearen aurpegia

Nostalgiak josi ditu egunsentian bizirik dirauten azken farolak. Haizeari dardara dario nire kale izkinetan, non kiratsak azala berritzen duen eta bideko estoldak bide diren. Ezpalez inguraturik, lurrak erretzen nau. Guztiak astintzen ditu ateak eta oihartzuna, urtzen diharduten baldosak dira, arraskan pilatutako platera zikinak.

Atzamarkak alfonbrapean, pipiak jandako desirak eta horiztatutako gortinak. Hemen ezin izan zen. Egun pitzadura bakanek, galdu diren betileez gela ezkutatzean, ispiluek dute soinua. Guztiak dirudienean, hemen ezin izan zen. Eta zein da bizkarretik zintzilik daramagun karikatura honen jatorria? Azala zahar hau txikitzen duten hesiena, kafe hondar bakoitzean?

Dena izorratu huen. Denborak, herrenka, hire ohea garrasiz bete arte. Dena izorratu huen. Baina zein urrun izan genituen beti Parisko teilatuak, beira igurtziak kantaturiko txistu epelak. Kale zabalak, lanbrotuak. Adokin artean ahanzten diren zaurien antzera. Arrantzako ilunabarrak bezain urrun, itsasoaren ertzak garlopatuz. Zainak bidaiatuz doan trena besterik ez dugu, eraitsitako etxeen bila.

Leihoak ere usteltzen baitira eta oheak urrundu erreguetan. Hormen hezetasunak hauts egiten ditu hezurrak. Eta eztarrietan iltzaturik, iraganeko ibilaldien muturreraino daramagu hotza. Ezin da hondarra goldatu. Ertzak ere buruz behera dirudite. Baina ez dugu izango besterik;  horiztatutako gortinak, pipiak jandako desirak eta arraskan pilatutako platera zikinak. Gauak estaltzean eta hostoak erretzen entzutean.