Anna Pavlova, baina bestea

Erabiltzailearen aurpegia

Zure masailetatik zintzilik ziren azken beldur tantak zeharkatzeak, gau osoa eraman gintuen. Urpekariak, entregatua zuen azken saiakera, gonbito hondarretan nabigatzen. Zigarro hondarretan. Hurbiltzean, oraindio, ezpainetan xuxurlatzen zituzten hozkak. Badakigu zer dioten. Guztiok badakigu. Guztiok badakigu ez dela lorerik, baldosetan hazten denik.

Beldurrak baditu ispiluak, asko. Kaleak ertz orotan. Eta amaieran negua, flyerrak banatzen. Talka egiten ditugu esperoak eta geu gara espero zatitxoak. Eta bien artean, hitzak oinez direnean, inork ez du denborarik lotarako. Edo itzultzeko. Nik ez dut sekula bizikletengandik ihes egin, zisneei ogi papurrik bota. Igande arratsik usaindu, ibai ezezagunen amaian.

Ez diraute ezkutuan, beira kolpe artean edo banku bustien ohean. Ez diraute ezkutuan, baizik ez dira inor. Ez dute begizulorik, ilerik dutxan (ez sudurrean), silla de ruedasik garajean. Baizik ez dira inor. Baina bada baita gerorik, biloetan trabatua. Pailazorik pintura eskametan, haurrei musuak zikintzen.

Etengabeko udako azkenetan bizi dira. Azkenean. Kasketak, oinak eta hare apurrak utziz errepidean. Poltsikoak blai eginda, hitz oro astuntzen.  Hozkailuan ez da txokolate eta almendra izozki gehiago, udako azkenetan. Azkenean. Eta nork errukitu behar du zutaz, txokolate eta almendra izozkirik gabe, zure eskutxoetatik urtuz?