Beti Mugan - Filosofi aldaketak

Erabiltzailearen aurpegia

“Filosofi aldaketak

Tabernetako komunetan (…)

Ahulezia ala kemena,

Zer ote da eromena?”

Denok ditugu urruneko hiri zaharrak behe laino ikusezinetan gordeak, baina logelako atea irekitzean, egunsentia iristen zaie. Beti eta zalantza gabe. Eta desegindako ezpainen hizkuntza hotzean ere, begiak ixten ditugu, ihesa dela pentsatuz. Baina argazki-leiho berrietatik ere ikusten dugu, ahaztu direla zabor poltsen izerdia jasotzeaz.

Jakingo bagenu nork eramango gaituen orain etxera, jakingo bagenu euria ari duen ala goiko bizilaguna loreak ureztatzen ari den. Nortzuk diren inoiz ezagutuko ez ditugun pertsona guzti hauek. Jakin izan bagenu bizarrak eta distantziak hazten jarraitzen dutela, belarriak estali arren. Jakin ahalko banu, behintzat, komuneko atea itxi aurretik ala ondoren esan zidan lagun onena nintzela.

Goizak, pusketan, hormak zuritzen ditu. Ametsetan ezkutatzen saiatzen zaren komunetan errepikatzen diren baldosa zuriak bezala. Bestela ere, noiztik da  ez dituzula amestutakoak gogoratzen? Hotzak, jada, ez ditu zure zauriak isiltzen eta oherako bidean ez duzue ezertaz hitz egiten.

Orain, denei hitz eman, erlojuari ez begirik zabaldu, bidezidorretako harritxoak ostikoz jo. Atea irekitzean denak joanak direla pentsatu. Zoriak zainak ireki eta burua makurtu behar duzun arte taberna zeharkatzeko. Esperantza, jakina, gonbitoei zerrautsa botatzea da.