Paris, Texas

Erabiltzailearen aurpegia
- Paris.
- Zer?
- Paris… Paris.
- Paris?
 

Izotz ale bakarrak irentsiaz edo barnean estutzen diren bideak labainduz. Behin atea jo eta denak kiribilduz. Bada sekreturik, baina errepideari bularretatik helduz, pinturaz egina dena atzean, edo ate ertzean, esan banio… Marrazkiari zulotxoak ebaki eta bertatik ezkutatu, inork “ikusi zaitut” esan nahi ez badu.

Paperezko laxoetan loturiko zubi lauak, idatziaren gainean idatziak. Nola atzera, eskailera egin den pausua. Zapaten gaineko belo luzea ezin pitzatu, urrundik ere hegazkina agurtu. Kikaran mantenduko ote? edo lorategira jauziak? Ala bide alargunduen besoetan lokartuak. Aspertuta ala, begiak antzezteko ere, egunek ez lehortzeko ximurretaraino estaliak.

Begiratzean begiratuak garela ikustean, gogora etortzen gara. Soinean genituen haizeak aldapan behera, orain alkandora urratuak. Eta atariko belatz ihartuan gorderiko ontziak, gure almohadapeko argazkiak. Errudun sentituz, zerumuga puztuz. Beirazko teloian non den gordea, zein bi aldetan den geroa, biharko berria, gaurko zaharraren antzean.

Azken aterpea nota zuriz jantzia. Oherako orduan, nork utziko ote piztuta argia? Farolek ez dute erabaki non hasten den kalea. Eskuaira eta kartaboiaz zatitutako mapa balitz memoria… (Afrika balitz memoria…) Ur zurrunbiloaren hesian ez katiatzeko nola joan ginen Texasetik Parisa.