Izatearen pisu jasangaitza

Erabiltzailearen aurpegia

Erortzeko desira gaindiezina zeukan. Bertigo iraunkor batean bizi zen.

Erortzen dionak zera dio: “Altxa nazazu!”. Tomasek emeki altxatzen zuen.

Gure sehaskak, Moldavaren altzoan gordeak. Etsiturik dabilen egur oholak zapalduak. Kulunkan, hondoan pilatuak, paperezko dorreak, agur koldarrez beteak. Ez porturik eta ez zakurrik. Hain urrun geratu ohi dira behar ditugun postontziak… Gero, marea guztien atzean, dena papurtuta, sikatuta, lo egin ezinik, zer bilatu ez dakiela, kale garbitzailea.

Eta izateko ginena, bertan zahartzen ari bada, zer da dena? Galde egin behar, hitzez erantzi, eten ote zaien kordela. Inoiz oinustu behar ote duten, onartu, penitentzia soilik ez garela. Orri zuri bat, tolestua nahiera. Eta bi ilunabarreko hiriren bat bada ere, leihoan beti bikote bera, zeresanetan. Eta euren zurrumurruetatik, mantso mantso erortzen da barkamena.

Fin datorkio haizea joan den egun guztiari. Ezin putz egin, ezin hostorik erori. Etorri dadila beste gau bat, izan daitezela zazpi, lau, hamabi. Denak biharkoaren berdinak, pentsatu beharrik ez izateko ea helbiderik idatzi nion postalari, krisketik baduten ametsek. Berriz Karlosen zubia zeharkatu gabe ohera itzultzeko, bizkarra emanaz Moldavari.

Zain egon bagina, euripean, munduari etxera joateko ordua noiz iritsiko. Adokin tarteetan paperezko txalupak itsasoratzeko. Edo isil isilik egoteko, elkarren aldamenean, urruneko leiho hartako loreen antzean. Zaunkaren batek bizi garela ohartarazteko. Kale garbitzailea bankuan eseri ez balitz, Moldava paperez elurtuta ikusteko.