Heriotza Venezian

Erabiltzailearen aurpegia

Hala ere, uste izan zuen, psikagogo zurbil eta maitagarriak irribarre egin ziola urrunera, keinuak egin zizkiola; eskua aldakatik bereiziz, bide bat seinalatu balio bezala, promesaz beteriko mugagabetasunera gidatuz. Eta, beste hainbatetan bezala, hari jarraitzea erabaki zuen”.

Ontzia hotzikaretan lainotu da, pisu estrañoren batek laztanduta. Eta haizea, orain hondar ibiltaria, zuri beltzeko ezezaguna da. Eromenaren salbokonduktoak ez digu azalik arindu, banan bana lehortu. Ezin mareak ertzetan idatzitako oihurik berarentzat bildu, lehen ezabatutakoak nekatu besterik. Eta hala ere, zenbat leiho itxasotan zain, olatuak noiz geldituko.

Nahiz urari zulotxo bat zabaldu, botoiz botoi bularrean eta hondartzaren mugan etzan eta zehar begiratu hasiberrien ibilerari. Nahiz itsaso zaharrari teila guztiak jauzi, edo gaueko zakarrak erre, irla sutan piztu, ohearen amaieran etzan, izkinan eta hutsune bat gorde aldamenean. Nahiz eta guztia; orruak irakin, atzera egin eta eskuaz agurtu. Itsu gaude eta goseak bakarrik gogoratuko gaitu.

Ezin da bestela izan, soilik hareak korapilatu ditzake bidaiarien bilo eztiak, hatzapar traketsak ireki ezin duten oparia. Hain laua da edertasuna gizon arruntentzat… Ez kizkurrik, ez keinurik. Ez begirik ile atzean hesituta. Gu, besteok, marea jaistean geratuko dena gara. Ardo botila hutsen bat, konpresak edo umetan lapurtu ziguten bizikleta.