Pasolini ez litzateke Nafarroa arenara joango

Erabiltzailearen aurpegia Manolo Arruti 2022ko abe. 20a, 00:17

“Chi lo parla (il dialetto) è come un uccello che canta in gabbia”. Euskalkia hitz egiten duena kaiola batean abesten duen txoria da.

Pasolini ez litzateke BECera joango, ezta Nafarroa arenara ere. Pasolini ez.

Lehen aldiz Pragan ikusi omen zituen Pasolinik ile luzea zeramaten bi gizon. Faxistatzat hartu zituen. Zer pentsatuko luke Pier Paolo gaixoak, Euskal Herriko ekitaldirik garrantzitsuenean, protagonistetako bat sudadera jantzita ikustean?

Noiz lapurtu zizkiguten bertsoak? Noiz lapurtu zizkiguten bertsoak ere? Garai batean baserritar mixerableen aberastasunak izan ziren. Aste guztiko nekeak arintzeko kantuak. Taberna zuloan sartuta, ardo txarrarekin mozkortuta, mantso-mantso txapela kendu eta bat batean sortutako trixtura hori nondik zetorren ulertzeko erabiltzen zituzten hitzak. Negar ez egite arren, barrez lehertzera bultzatzen zituzten ateraldiak. Baserrira bueltatzean, lokatzetatik ibiltzen, txistuz jotzen zituzten melodiak. Aitzurrarekin lanean ari zirela, behin eta berriz errepikatzen zituzten bertsoak, ondo gogoratzeko, gero bilobatxoei kantatzeko. Eta bat batean, ez dute ezer. Galeanoren hitzak hartuta, amerikarrei sikira liburuxka bat utzi zieten españolek (euskaldun asko tartean), urrearen eta lurraren truke. Hauei ordea, zer? Begiak itxi, ireki eta deus. Hik salbatu ituen bertsoak, baina finalera ez hadi etorri, tergalezko galtza zahar horiekin argazkia itsustuko diguk eta.

Aurreko gizaldiko intelektual eta sasi-intelektual batzuei esker. Unibertsitateko semeak denak. Erreminta ona iruditu zitzaien bertsoa euren ideiak euskal herrian zabaltzeko. Euskal Herrietan hain arrotzak ziren pentsamenduak sustraitzeko. Erreminta? Hauei garlopa emango nieke nik, mingainak leuntzeko. Pasolinik, Italiako dialekto desberdinak nola hiltzen ari ziren salatu zuen eta hauek gordetzen zituzten tradizio denak. Goierrin jaio balitza ere, amaiera bera izango zukeen P.P.P.-k.

Ez al zuten nahikoa baserritarrei dantzak, herri kirolak, lanerako lur sail onenak, pelota eta botibolea lasai esateko eskubidea lapurtzearekin? Orain bertsoak? Zenbat baserritar izango dira gaur egun bertsozale elkarteko bazkide? (elkartea? Sozidadea balitza…) Zenbat baserritar joan dira Nafarroa arenara? Zenbat baserritar 50 urtetik gorakoak? Bertsoak ere lapurtu zizkieten, bai. Eta burges hauek, utziz gero, oraindik geratzen zaigun azken aberastasuna ere lapurtuko digute; pobrezia ere lapurtuko digute. Mixerable bat izateko eskubidea, eta harrotasuna.

Baina tarteka badago barkamenik ere, adiskidetzerik. Bonba atomikoa probintzia hauetara bota dezaten eskatzen didan desioa apaltzen duen motiborik. Noizbehinka, Txanela edo Beraetxetik ateratzean, Rosalia edo Zetakek bultzatuta (nor ote okerrago? Sarasuatarrek esan zuten bezala: hauen aldean nahiago dut berdezko txakurlaritza, egurra eman ematen dute, baina ez dute zikintzen hitza) eta berriz pentsatzen hastean “alde egin beharra duk, Manolo. Herri honetatik alde egin beharra duk”, aldamenera begiratu eta hor daude, bi mutikoxkor, manga motzetan abendu gordinean, aurpegiak gorri-gorri eginda, mozkortuta, zutik ere egon ezin dutela, elkarri bertsotan; doinuak nahasten, pottoka, hitzak jaten, hanka luze eta hanka motz. Eta pentsatzen dut nire artean: Ño, oaindik e bagaituk!

Pasolini ez litzateke BECera joango. Ezta Nafarroa arenara ere. Pasolini ez. Pier Paolo Beaxaien aurkituko genuke, futbola ikusten, eta bide batez, geratzen diren azken Euskal Herri libre eta bakanak ezagutzen. Zer menu dago? Menua? Hemen etziok menuik. Hitzako ensalada ta xerra, horrekin naikua akak hik! Eta nola egingo lukeen irribarre Pasolinik, zeinen xamur eta zoriontsu, pentsatuaz, ez dituztela guztiak garaitu.