Nik Tri triatloi elkarteko kideek udan ere martxan jarraitzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia Nik Tri triatloi elkartea 2020ko uzt. 4a, 13:26

TALDEKIDEEK HAINBAT IRTEERA DITUGU AURREIKUSITA

Egoera arraroa da guztiontzat, baita kirol taldeontzat ere. Taldekide askorentzat triatloi denboraldia maiatzaren 1ean hastekoa zen, Getariako Triatloiarekin batera baina  COVID-19ak plan guztiak hankaz gora jarri dizkigu. Hala eta guztiz ere, ez dugu etsi behar. Guztion segurtasuna eta osasuna bermatuz, triatloiaz gozatzen jarraitzeko ahaleginak egingo ditugu.

Konfinamenduaren ondorengo lehen topaketa ekainaren 21ean egin genuen, elkarrekin triatloi txiki bat osatuz: Zarauzko hondartzan igeri egin, Aia eta Txurruka bizikletaz igo eta Iñurritza biotopoa inguratuz korrika eginez amaitu genuen. Beno, topaketari benetako amaiera, hamaiketako goxo batekin eman genion noski ;-)

Uztailaren 25ean Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia egingo dugu taldean, eta abuztuaren 9an taldekide batzuk Tourmalet eta Luz Ardiden bizikletaz igotzekoak gara. Tartean, taldean hainbat igeriketa eta bizikleta entrenamendu ere egingo ditugu. Udara polita dugu aurretik, bai horixe!!

Egoera aldrebes samarra den honetan, gaur inoiz baino gehiago, taldekide guztiok gure babesle diren LUKAS ARDOTEGIA, AUTOMÓVILES ZARAUTZ eta KOTAI (MOLDURAS ZARAUTZ) eskertu nahi ditugu, egoera honetan ere gure ondoan jarraitzeagatik. Mila esker!