Salbatore Mitxelenaren jaiotegunaren 100. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Zarauzko Ikastola 2019ko urt. 17a, 22:55

Gure ikastolaren izena poeta bati dagokio, frailea, baina baita tartetxo bat merezi duen nortasun handi bat ere, gure ikastolaren izenaz gain izanari ere ederki loturik doakiona, seguruenik.

Salbatore Mitxelena frailea zen, frantziskotarra, hain zuzen ere. Horraino, denok badakigu, konforme. 1919an jaio zenez, gerra zibila eta frankismoa oso gertutik bizitzeaz gain, oihartzun handia izan zuen horrek guztiak bai bere lanetan, bai bere bizipenetan ere. Idaztea zuen gogoko, poesia eta saiakera batez ere, baina gaurkoan ez naiz sartuko bere literatur sena aztertzera. Gaurkoan, ikus dezagun nor zen idazleaz gaindiko pertsona hura.

Iñurritza auzoan jaio zen, Etxebeltz baserrian. Horregatik, sarritan “Iñurritza” ezizena erabiltzen zuen sinatzerako orduan. Txiki-txikitatik zigor ugari jaso zuen eskolan euskaraz jarduteagatik Primo de Riveraren diktadura garaian. Gazte zelarik, bere ama auzoan kamioi batek  harrapatuta galtzeak ere eragin handia izan zuen harengan, edonorengan izango zukeen bezala, jakina.

17 urte besterik ez zituen gerran zuzenean parte hartzera behartua izan zenean; horrek eragingo zizkion itxi  ezinezko zauriak heriotza iritsi bitartean: herri-mina eta samina.

Gaztetako laguna zuen Salbatorek Patxi Unzurrunzaga, Itxaropena inprentako nagusia. Hala, hark argitaratu zion lan bat baino gehiago. Unzurrunzagak, Espainiako Prentsa eta Propaganda zuzendari orokorra zen Pedro Rocamorarekin bazuen harremanik, honek udako oporrak gure herrian pasatzen baitzituen.  Patxik, bere adiskide zuen Jose Artetxerekin hitzordua jarri, Rocamorarengana joan eta, Gipuzkoako zentsoreen gainetik pasata, zuzenean liburu batzuen argitalpen baimena eskatzeko ausardia izan zuen. Bietako inork ezer gutxi espero bazuen ere, baimena eman zien Rocamorak. Honela, Salbatore Mitxelenaren Arantzazu euskal poema argitaratu ahal izan zuen. 

Ondoren, Patxiren seme zen Xabin Unzurrunzaga izan zen gure ikastolaren sortzaile eta bultzatzaileetako bat, baita ikastola honek ezagutu zuen lehen lehendakaria ere, 7 urte luzez. Bere aitaren moduan, honek ere jakin izan zuen bere garaian zein ate jo gu aurrera ateratzeko, ez baitzitzaion garai samurrena tokatu.

Unzurrunzagatarrei egindako parentesi labur honen ondoren, jarrai dezagun Salbatoreren bizitzarekin.

Euskara eta euskal kulturarekiko zuen konpromisoa handia zen, oso handia. Batetik, gerra ondorenean euskaltzain izendatu zuten bere garaian. Bestetik, bere zenbait idatzirekin zentsura saihesten eta gainditzen saiatu zen,  lortu zuenetan garai ilun haiek deskribatuz eta salatuz.  

Elizaren hierarkiari hordago bat baino gehiago bota zizkion. Oso kritikoa izan zen garai hartan, oro har, elizaren goi-estamentuak frankismoarekin zituen lotura nabarmenak zirela eta. Bere kristau fedea kontraesanean zegoen eredu frankistan oinarritutako eliza harekin, Arantzazukoekin oso harreman ona zuen bitartean. Sermolari biziaren fama zuen fededunen artean. Behin, Eibarko San Andres elizan emandako sermoi bat zela medio, salaketa bat jarri zion bertako abadeak gobernadorearen aurrean:

Hain zuzen, biraoaren kontra ari omen zen predikuan, suak harturik. bereak eta asto beltzarenak esan ei zituen biraoaren kontra; eta amaitzeko, etsi nahi ez eta azken arrazoia bota ei zuen: "... Eta gainera, eta gainera... biraoa espainola da!". Horrek eman omen zuen salaketarako aitzakia”

Alde guztietatik jasotako presioen ondorioz, misiolari lanetan Hego Ameriketara jo zuen, bide batez atzerriko euskaldunekin kontaktuan jarriz. Ez zen, ez, geldi egoteko jaio. Atzerrian libre nahiago, aberrian loturik baino. Hala zion. Pentsa nolakoa ote zen, Time aldizkari famatuko azalean agertzera iritsi zen bere argazkia. Baina han ere izan zuen arazo bat edo beste: Kuban egin zituen hiru urtetan, hasieran Castroren aldeko bazen ere, gerora aurkari sutsu bihurtu zen, irlatik bidali zuten arte.

Milaka kilometrotara izan arren, aberri-minak eraginda edo, bere idatziekin gerturatzen segitzen zuen Euskal Herrira. Batez ere poesiagatik bada ere ezagun, artikulu nahiz saiakera ugari idatzi zituen debekua nagusitzen zen garai hartan. Eztabaidak ez zituen ekiditen, gogoko zituen, eta argudiatzaile bikaina zela zioten ezagutu zutenek. Ezinegon handikoa, gatazka ugari bizi izan zituen ingurukoekin bai bere buruarekin gerrak eragindago kalteengatik. Aberriaren etorkizuna beltza baino beltzagoa zekusalarik, zerbait egin behar/nahi baina ezinak ez zion uzten  bakean bizitzen, sinesgaitza zitzaion gerra osteko sufrimenduzko “bake frankista” hura.

Jira eta bira ugariren ondoren, 1965ean hil zen Suitzan, espainiar etorkinekin lanean ari zela. Bere gorpuari Arantzazun lur eman bazioten ere, denen harridurarako, santutegiko obrak zirela medio, bere gorpuaren aztarna oro desagertu egin zen. Horra hor Arantzazuko misterioetako bat…

Hau guztia jakinik, horra hor zergatik merezi duen gure ikastolak bere izena: nortasun handikoa izanik, bere izenak eta izanak baduelako harremanik nortasunarekin.