Salbatore Mitxelena Ikastolako ikasleen lanak, Vista Alegren ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Zarauzko Ikastola 2022ko mai. 30a, 16:30

Vista Alegreko parkean hainbat artelan sortu zituzten ostiralean Salbatore Mitxelena Ikastolako DBH 1eko ikasleek. Azken ebaluazioan land art, drap art eta instalazioak landu dituzte ikus-entzunezko tailerrean, eta ebaluazioa ixteko, horiek sortzera atera dira kalera.

Arte mota horien inguruan aritu dira ebaluazioan zehar: artista desberdinak ikusi, arte joeren nondik norakoak aztertu eta horiekin lotutako proposamenak osatu zituzten ikasle guztiek. Azkenik, taldeka elkartu eta proiektu bakar bat adostu zuten taldeko.

Lanik gehienak land art ildokoak izan ziren, baina naturarekin lotura haren zaintzarekin eta ekologiarekin ere uztartu zuten ikasleek, eta hainbatetan zaborra eta plastikoa erabili zituzten, drap artean bezala.

Goizean zehar osatu zituzten aurrez pentsatutako artelanak parkeko gune desberdinetan. Horietako asko bertan geratuko dira (deskonposa daitezkeenak edo bertako materialekin egindakoak). Besteak, berriz, erabat efimerok izan dira, goiza amaitutakoan artelanak desegin eta jaso egin dituzte eta. Bertan geratu direnak ere efimeroak izango dira, denborak, eguraldiak edo gizakion zein animalien ekintzek desegingo baitituzte. Bitartean, berriz, parkean dabilen orok ikusi eta gozatu ahal izango ditu, baita haiek sortutako sentsazioak edo sortu nahiko lituzketen hausnarketen inguruan pentsatu ere, ikasleek egin zuten moduan.