Dena libre

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mar. 10a, 00:00

Baionan, aspaldiko adiskideen konpainia izan du Martxoaren 8ko manifestazioak: eskuin muturra eta Eliza ere atera dira kalera, abortu librearen eta sexu askatasunaren aurka, Emakumeen Eguna zertarako den gogoraraziz bezala. Elite kontserbadoreek zenbateraino sentituko ote dituzte euren pribilegioak mehatxatuta, halako egunetan berrogei lagun batu eta mobilizazioetara ere deitu behar izateko? Maiatzaren 1ean ez dira ikusten enpresariak kontramanifestazioak egiten.

Abortuak eta sexu askatasunak zergatik eragiten ote dituzte horren erreakzio histerikoak euren gurasotasuna edo sexu joera zalantzan jarriko ez dituztenen aldetik? Beharbada, bi horiek direlako pertsonaren autonomia gauzatzeko modu nabarmenetakoak; barrutik egiten direlako, eta ezarritako ordenaren oinarri sakonenak jartzen dituztelako zalantzan. Norbere gorputzarekin nahieran jokatzeak ezinegona eragiten du ingurukoengan: ezker zein eskuin, kontserbadoretxo guztien ohiko komentarioak izaten dira \xabHauek nahi dutena egiten dute\xbb edo \xabHemen dena al da libre\xbb. Onartzea gustatzen ez zaigun arren, finean segurtasuna ematen digulako albokoaren autonomia kontrolatzeak, nola jokatuko duen jakiteak. Behin hori kontrolatuta, ez dagoelako askoz gehiago kontrolatu beharrik.

Osorik irakurri