Bazkari matxinoak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mar. 8a, 00:00

Egun bitxiak izaten dira Martxoaren 8aren bueltakoak feministontzat. Eta ez bereziki erosoak: eguna esanahiz hustu duten mezuak alde batetik —zorion agurrak, eskaintza bereziak laser depilazioan eta zapata dendetan—, zeure buruari galdetzeraino nor ote den Emakumeen Eguneko emakume hori; eta, bestetik, ohi baino prestatuago egon beharra kritikei aurre egiteko. Ekitaldirik xumeenak ere errezeloa pizten duelako arrosaz margotuta ez badago.

Gure herrian emakume bazkaria egiten da aspalditik, eta, hala ere, eztabaida klasikoa sortzen da urtero: \xabEta zergatik da emakumeena bakarrik?\xbb. Hasteko, nahi dutelako. Kuadrillako afarien esklusibotasuna ez du inork zalantzan jartzen; baina neskak elkartzeak pizten ditu, nonbait, susmo txarrak, bazkariotan iji eta aja ibili beharrean gizonen aurkako matxinadaren bat prestatzen ariko balira bezala-edo.

Arrazoi hori aski ez denean, espazio esklusiboen beharrari buruzko eztabaida luzea hasi ohi da, gehienetan iritzia aldatzeko asmo gutxi dutenen artean. Garrantzitsua da gaiok problematizatzea, eta nahi duenak urte osoa du horretarako. Baina, batzuetan, gutxiago ere aski da gaurko egunez ekarpena egiteko: \xabAupa, neskak, bide onetik goaz\xbb adeitsu bat, esaterako. Mahaian gaudenon arteko konplizitatea, eta mahaian ez daudenen elkartasuna.

Osorik irakurri