Saria

Erabiltzailearen aurpegia
Badirudi euskal hiztunok estatuzale amorratuak garela. %67 omen geundeke Euskal Estatuaren alde; erdaldunetan kontrakoa da joera. Gaiztoak izanda, galdetu genezake: zer zegoen lehenago, euskal hiztuna edo independentista? Zein norabidetan doa formula matematikoa: euskal hiztunak sortuta, independentistak sortuko dira? Edo burujabetzarekin hedatuko da hizkuntzarekiko sentsibilitatea?

Egungo diskurtso subiranistak ikusita, aski eszeptikoa naiz bigarren aukerarekiko. Hala ere, esango nuke euskal hiztun asko direla (garela) halabeharrezko estatuzaleak: ez aparatuak per se egiten duelako ilusioa, baizik eta haren babesa delako hizkuntza batek lasai bizitzeko behar dituen elementuetako bat. Bat; ez bakarra, eta ez garrantzitsuena.

Irudika dezaket euskal estatu deitutako gauza bat, demagun, 2116an. Dirua defentsan inbertitzen da erruz; atzerriko enpresak Bilbon pilatzeko kanpaina betean da gobernua. Euskara ofiziala da, baina inori ez zaio benetan axola ama-hizkuntza dutenetatik aparte; total, jada despolitizatuta dago eta nahi duenak egin dezake; eta gehienek ez badute nahi, tira ba, zer egingo diogu. Euskal Herria —edo haren zati bat— herrialde normala da orain.

Halako estatu bat sinatzea saria etxera eramatea litzateke, kontsolamenduzkoa dela ohartu gabe.

Osorik irakurri