Geldialdia

Erabiltzailearen aurpegia
Berandu doa geltokira. Denbora justu antzera kalkulatu du, oztoporik gabe iristeko moduan. Baina bidean beti daude oztopoak. Metroa obretan; taxia hartu behar izan du. Zorionez, hiri honetan errei bereziak erabil ditzakete taxiek.

Ozta-ozta iritsi da kontrolgunera. Bidaiariak modu zibilizatuan garraiatzeko hesi sigi-sagatsuetatik igaro da; motxila zintaren gainean utzi eta arriskutsu sentitu da une batez. Geltokiek mugitzeko askatasuna sentiarazten diote, baina baita beste inon baino segurtasun falta handiagoa ere. Hemen dena dago antolatuta A-tik B-ra joateko, sekula ez tokian geratzeko. Horregatik dira horren arraroak trena atzerapenarekin datorrelako nasan sortzen diren itxaronaldiak.

Trenak berandu igaro ditu bideko geltokiak; aurpegi luzeak igo dira bakoitzean. Helmugarako ordu laurden falta dela, gelditu egin da. Marmarra geroz eta ozenagoa da; bidaiari askok begirada ordenagailutik jaso eta lehenbiziko aldiz hitz egin diote elkarri: «Hau erreklamatu beharra dago». Azkenean, langile bat agertu da barkamen eske: pertsona batek trenbidera salto egin duela arratsaldean, eta orain arte ezin izan dutela bidea libratu.

Trenak aurrera jarraitu du. Barrukoak isilik doaz; lehenbiziko aldiz, geldialdi bat eginda etenik gabeko euren joan-etorrian.

Osorik irakurri