Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia
Galderen gizartean, erantzun azkarrena ematen duena da nagusi. Gure ulermena gainditzen duten irudiak heltzen zaizkigulako eskatzen ditugu azalpenak, kausak, arrazoiak. Arazoa da, sarritan, esplikazio sinpleenak irabazten duela. Horregatik da populista eskuin muturra. Kolonian sexu erasoak gertatu zirenean, berehala nabarmendu zuten erasotzaileak musulmanak zirela. Azalpena: iheslariak gure emakumeak bortxatzera datoz.

Atentatuak Europan gertatu direnean, erantzun ia automatiko bihurtu dira «Je Suis», «Nous Sommes» eta antzeko adierazpenak, «zibilizazioen gerra» esamoldea bezalaxe. Elkartasun keinu direlakoan erabiltzen ditugu, benetan zein «Nous»-etan sartzen ari garen pentsatu gabe. Nor da «Je suis Bruxelles» diodanean aipatzen dudan Brusela hori? Europako Batasunaren atzerri politika erasokorra eta barne politika baztertzailea bada jomugan zegoena, zerk jartzen nau haien bando berean?

Aste honetako erasoen gordintasuna gorabehera, ezinezkoa zait pentsamendu bat saihestea: legitimitate krisi betean dauden erakunde eta gobernuentzat, opari bat dira halakoak, «Je suis» sinple batekin lortzen dutelako murru nazionalista bat eratzea, eta barruko kritikak deuseztea. Eta hori ez dago hain urruti eskuin muturreko alderdiek ematen dituzten erantzunetatik.

Osorik irakurri