Gimnasioak

Erabiltzailearen aurpegia
Gimnasioak eta unibertsitateak. Saihestu eta kritikatu ditzakezu urte luzez, baina, azkenean, zure bizitzarekin zer egin ez dakizun une ahulenetan, bietakoren batera jotzen amaituko duzu ia ziur. Eta ez dira hain gauza desberdinak.

Bietan ikusten dira iritsi berriak nora ezean, zertarako balio duten ez dakiten halterofilia makinen artetik bezalaxe, signatura ulertezinez beteriko liburutegietan alderrai. Mundu guztia antzeko gauzak egiten dabil, baina sekula ez taldean, edo soilik beharrezkoa denean. Unibertsitatea zein gimnasioa neoliberalismoaren espazio idealak dira, inork eskatu gabe nork bere lehia pertsonala irabazteko tokiak: aski saiatzen bazara, helduko zara ehun kiloko pieza jasotzera; aski denbora inbertituta, argitaratuko dituzu ehun paper. Lortzen ez duzuna zure akatsa izango da soil-soilik; eta ez pentsa hemen denboraldi bat igarotzeagatik betirako geratuko zaizunik akademikoaren edo kirolariaren aureola eder hori.

Gimnasioek eta fakultateek daukaten onena da bietan agertzen direla, tarteka, disidente errari batzuk, bizikleta estatiko eta kongresuetako mahai tolesgarrien artetik beraiek bezain arrotz sentitzen diren beste disidente batzuen bila. Horien aldameneko lekua da onena.

Osorik irakurri