Lainoen kolorea

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mar. 30a, 00:00
Batzuetan ez dakit gure lehendakari erdiarekin daukadan arazoa, ideologikoa baino gehiago, ez ote den batez ere linguistikoa. Aberri Eguneko hitzaldia dozena bat aldiz ikusita ere, ezinezkoa zait asmatzea zer esan nahi didan. «Partekatutako burujabetasunetik gero eta burujabetasun areagotura. Hori da gure Aberriaren aldeko konpromisoa». Zer burujabetasuni buruz ari ote da Urkullu? Norekin partekatua? Burujabetasuna maitasuna bezala ote da, zatitzean bikoiztu egiten diren kefir horien antzera? «Ez gara marra gorriez ari, negoziazioez eta akordioez baizik». Zer negoziazio, baina? «Paktua baita Euskal Estatuen Konfederazioaren erroa...».

Une horretan bideoa geratu behar izan dut Googlera jotzeko. Lau egun Errioxan igaro eta itzultzen naizenerako konfederazio bat sortu ote dute nik ezer aditu gabe? Euskal estatu bat ez, baizik eta «Euskal Estatuak» ote dauzkagu orain? Bilaketak bost emaitza eman dizkit, guztiak Sabino Aranari lotuak. Lasai hartu dut arnasa: denak berdin jarraitzen du. Zatitutako burujabetzaren lehendakariak «gainjarritako subiranotasunei» buruz jarraitzen du hizketan, garbigailu baten funtzionamenduari buruz galdetuta lainoen kolorea azalduz bezala. Susma dezaket Aberri bat saldu nahi didala, baina ezinezkoa zait asmatzea nolakoa den.

Osorik irakurri