'Concept Store'

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko api. 2a, 00:00
Bartzelonako auzo hipsterrenetan ez ezik, Euskal Herrian ere hasi dira agertzen. Nik neuk ikusia dut bat Iruñeko alde zaharrean. Zehazki zer saltzen duten ez dakizun denda horiek dira: arropa, altzariak, liburu zaharrak... Denetik daukate, eta guztiak du prezioa, baina ez dira denda txinatarrak. Concept store esaten diete. Kontzeptu denda ere dei geniezaieke, baina ez da hain moderno geratzen, eta, gainera, galdera asko eragiten ditu. Esate baterako: nola saltzen da kontzeptu bat? Zeitgeist-a edo Kanten inperatibo kategorikoa zer den azaltzen ote dizute denda horietan? Eta beherapenak iristen direnean, bi kontzeptu eraman ditzakezu etxera baten prezioan?

Bada, ez. Produktuak saldu beharrean, bizi-estiloak saltzen dituzten dendak dira. Nortasun faltan gaudela sumatu, eta arropaz, altzairuz eta liburuen izenburuz osa dezakezun moduko izaera bat eskaintzen dizute. Zeure buruari argazkiak ateratzeko balio duen makila barne. Garai batean, egiten zenuenak definitzen zintuen; gero, kontsumitzen zenuenak; orain, erakusten duzunak. Froga egin beharko genuke: 60 urtetik gorako gure aita, osaba edo bizilagun tradizionala denda horietakoren batera eraman, eta dendariari eskatu hura mesedez «kontzeptualizatzeko». Ea zer ateratzen den.

Osorik irakurri