Gure patioak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko api. 7a, 00:00
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek okerreko irudia dute euren bizilagunez. Ikuspegiren inkesta baten arabera, immigrazioa %17,9koa delakoan daude; egiaz, ordea, erdia baino gutxiago dira kanpotik etorritakoak, %8 eskas. Emaitzak bi azalpen posible ditu: bata, etorkinez inguratuta bizi diren salbuespenei egin dietela galdeketa; bestea, litekeenagoa, immigrazioa hainbestetan hizpide bihurtzearen ondorioz —arazoa ote den, baliagarria izan ote daitekeen, etorkin uholdeak ote datozen...— irudipena dutela askoz gehiago direla kanpotarrak, egunerokoan haiekiko ia harremanik ez duten arren.

Galdeketari erantzun dioten gehienek ez omen daukate arazorik etorkinen ohiturekin, baina kontua nabarmen aldatzen da norberari eragiten dioten auziez galdetu ahala, diru laguntzez eta lanerako eskubideez adibidez. %67k nahiago dute arraza edo talde etniko bereko auzo batean bizi.

Not in my back yard, ez nire patioan, diote ingelesez, urrunetik onartu bai baina gertu eduki nahi ez ditugun gauzei buruz. Badakite zertaz ari diren: Erresuma Batuan abiatu berri da 35.000 libera baino gutxiago kobratzen dituzten etorkinak kanporatzeko legea. Xenofobia nekez bereizi bailiteke klasismotik: kanpotarrak izatea, tira; baina gainera pobreak izatea, ez.

Osorik irakurri