Dei efektua

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko api. 14a, 00:00
Gipuzkoako erakundeen bileretatik angulak bazkaltzera joaten direnek erabaki dute ez dutela etorkin pobrerik nahi euren herrialdean. Hilean 700 euroko sarrera bermatzen duen laguntza kenduko dute, hura atzerritarrek jasotzen dutela eta «dei efektua» eragiten duela argudiatuta.

Ez dakit zer ote duen txarra ustezko dei efektu horrek: herri hau segurua eta guztiok bizitzeko modukoa dela esan nahiko luke, eta ez dela soilik Zarautzen udako etxeak dituztenena. Edozein kasutan, komeni da gogoraraztea diru laguntza hori nondik datorren. Jaurlaritzaren oinarrizko errenta jasotzeko, gutxienez hiru urtez egon behar da EAEn erroldatuta. Nekez biziraungo du inork hiru urtean oinarrizko diru-sarrerarik gabe, are gutxiago heldu berria bada eta bizitza berri bat martxan jarri behar badu. Gipuzkoako laguntzak hasiera horretarako aringarri izan asmo zuen: urtebetean erroldatuta egonda jaso zenezakeen.

700 eurorekin ez da inor aberasten; larrialditik ateratzeko balio du. Baina ongizatearen chauvinismoa zer den: beharbada Gipuzkoako jauntxoek pentsatuko dute etorkinek aski dutela etxola batekin, han, urruneko herri zibilizatu gabeetan bizi diren bezala. Ea ez ote diren bestela gaizki ohituko, eta «gure» pareko posizioetara heltzen saiatuko!

Osorik irakurri