Dei efektua II

Erabiltzailearen aurpegia
Hautsak aski harrotu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan, diru sarrerak bermatzeko errenta kentzea erabaki duenean. Neurriaren injustizia bistakoa da: murrizketak zuzen-zuzenean eragiten die heldu berri diren behartsuei, eta hura justifikatzeko erabili duten argudioa erabat xenofoboa da. «Dei efektua» eragiten duten eta «funtzionatzen» ez duten laguntzak ei dira, jasotzen dituztenei alferkeria egotziz bezala. Eskerrak ez dituzten erregela berberarekin neurtzen hainbat langabezia sari, nork daki-eta zer ondoriotara helduko liratekeen bestela.

Egunotan han eta hemen irakurri eta aditu ahal izan ditugun erreakzioen artetik, ordea, mota batekoek harritu naute gehien: eurak ere babes ekonomiko beharrean egon arren, etorkinei laguntzak kentzearen alde agertu direnena. «Bertakook ere langabezian gaude, eta ez digute laguntzen» da kexua. Bertako prekarioak lehiakidetzat dauka etorkin prekarioa, heldu berriei kendutako diru poltsatxo hori gero berak jasoko balu bezala. Elkarrekin identifikatu ordez, konpetentzia zuzena sortzen da behar handiena dutenen artean, bertako-kanpoko ardatzak bereizita. Izan ere, babesa batzuei kentzen hasita, zerk pentsarazten du aurki gainerakoei ere ez dietela kenduko?

Osorik irakurri