Itzulera

Erabiltzailearen aurpegia
Iristen da une bat bizitzan —ez dakit adin bat den edo kasualitate askoren arteko konbinazio bat—, non denboraldi bat kanpoan igaro ostean zure herrira itzultzen zaren eta ezinezkoa zaizun utzi zenuen toki hartan berriro kabitzea. Gurasoak hauskor ikusten hasten zaren garai hori da gutxi gorabehera; amak zure beharra ere badaukala, eta norabidea, batzuetan, zuk erakutsi behar diozuna ohartzen zarenean. Konturatu gabe, duela ez hainbeste izugarri gogaikarria egiten zitzaizun elkarrizketa mota hori izaten hasten zara dendetan; ohartzen zarenerako jendearen osasunari buruz galdezka ari zara, ezagunei zeure bizimodua betiko hiru ardatzen arabera laburtuz: lan asko, bai; familia ondo, betiko martxan; bizilekuari buruzko xehetasunen bat, obrarik edo egiten ari ote zareten, eta hurrengora.

Noizean behin, haurtzaroan egia berdaderoen jabe ziren irakasleak topatzen dituzu kalean, eta unitate didaktikoetan agertzen ziren gaiez gain, munduari buruz zuk baino arrasto handiagorik ez dutela ohartzen zara. Hondartzako kafetegian zalantza egiten duzu, hamasei urterekin zure lehenbiziko nagusia izan zen —eta azken sobrean diru gutxiegi sartu zizun— tabernariari propina utzi nahi ote diozun pentsatuz. «Demonio», pentsatzen duzu orduan: «Zenbat aldatu den herria hain denbora gutxian».

Osorik irakurri