Deskuiduak

Erabiltzailearen aurpegia
Duela aste batzuk, adingabe transexualei buruzko dokumental bat eman zuen Kataluniako telebista publikoak. Genero baten arabera hezi, baina harekin identifikatzen ez ziren hainbat kasu erakusten zituen: «neska bat mutil baten gorputzean» deitu ohi zaiona, edo alderantziz. Puntako audientzia izan zuen emankizunak; 684.000 lagunek ikusi zuten, eta bati baino gehiagori eragin zion zer hausnartua filmaren hasieran planteatutako galderak: «Eta zuk zer egingo zenuke zure sei urteko alabak esango balizu mutila izan nahi duela?».

Gerora, ordea, argitara atera dira dokumental hartarako bilatu bai, baina gero sartu ez zituzten ahots batzuk. Genero batekiko edo bestearekiko atxikimendu zehatzik ez duten adingabeak elkarrizketatu zituzten, baina, kliniketan bezala, ez zituzten aintzat hartu dokumentala osatzeko orduan. «Ez bazara gauza bat edo beste, ez mutil eta ez neska, atea seinalatzen dizute», kexatu da Bartzelonako Joves Trans taldea hedabide independente batean. Ezin bazaituzte kasu klinikotzat jo, ez zaituzte transexualtzat jotzen. Erosoagoa baita pentsatzea neska bat dela mutil baten gorputzean —naturaren deskuiduzko oker bat ordena naturalaren barruan, kirurgiak konpondu dezakeena—, arazoa bi kategoria horietan egon litekeela pentsatzea baino.

Osorik irakurri