Tantak

Erabiltzailearen aurpegia
Hego Euskal Herrian aski hedatutako afizioa da estatu independenteak diseinatzea. Mundu guztiak dauka idealean bat buruan, nolakoa izan behar ote duen etorkizuneko bere errepublikak: negoziatua edo aldebakarrekoa; zein lurralde izango dituen; nagusiki erdalduna eta neoliberala izaten jarraitu behar ote duen; armadarik behar ote duen... Eta nork ez ote ditu parrandako ordu preziatuenak xahutu gerora oroitu ezin dituen independentziaranzko estrategia bikainenak diseinatzen?

Ez dakit halako trending topic-ik ba ote duten Iparraldean. Hango ahots gutxi aditu ohi ditugu mugaren alde honetan —eta, bai, bistan da hainbat muga dauzkagula erdian, eta nagusia ez da administratiboa—; ustez ahots horiek apalegiak zirelako, baina, ziurrenik, ez genielako belarria jartzen. Subalternitatearen banderan bilduta bizi direnei ere traizio egiten die zentralismoak Ipar Euskal Herriaz aritzean: zer iniziatiba helduko zen, bada, periferiaren azken ertzetik?

Tantaka-tantaka, elkargo bakarra osatzearen alde agertu dira orain bertako udalen erdiak. Hegoaldean askori oharkabean pasatuko zitzaien keinu txiki ugariren bidez, emaitza handia lortu dute. Ikusgarritasun gutxi lortu arren, baina inoren oniritziari itxaron gabe, inurri lanak desio sendoak gauza ditzakeela erakutsi dute.

Osorik irakurri