Kontraesanak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mai. 6a, 00:00
Pozgarria da euskarari buruzko eztabaida berriz piztu izana, nahiz eta hainbati erraietako kontraesanak mugiarazi, edo hain justu horregatik. Uste dut guztiok ados jar gaitezkeela oinarri batean: gaur egun, Euskal Herriko hizkuntza nagusia gaztelania da. «Territorio libre bakar» haren nostalgiak ez du askorik balio kalea zapaldu orduko: herri honetan librea den bakarra erdara da, eta guztiok jotzen dugu hartara noizbait; erosoagoa zaigulako, jende gehiagorengana heltzeko balio duelako, edo helburu ditugunek ez dakitelako besterik. «Euskaraz ala hil» aldarrikatzea libre eta zilegi da noski, baina suizidiorako arriskua kontuan hartuta.

Errealitate printzipioa onartzeagatik ez gara traizio egiten ari; eta, aldi berean, ez da konformismoan erortzeko aitzakia. Alderantziz: egoeraz jabetzeak gure arduraren jabeago egin behar gintuzke. Akaso utziko diogu orduan Errezilen funtzionatuko luketen leloak Sartagudan edo Bilbon aldarrikatzeari, eta beharbada hasiko gara gaztelaniaz egiten dugunetan ere euskararekiko ardura erakusten, hura kontzientziaren kontraesanekin batera ezkutatzen saiatu ordez. Euskararen alde egin daiteke erdaratik ere; egin behar da, bestela nekez hurbilduko zaizkigu erdaldun praktikoak. Egia hori ukatzea bezain akats handia da egia horretan bertan goxo egitea.

Osorik irakurri