Erabakia I

Erabiltzailearen aurpegia
Erabakitzeko eskubidea definitu egin behar dela esan du bere erabakiak maisuki ezkutatu ohi dituen gure gobernuko alderdiak; nork bere modura ulertzen omen du bestela. Horretan ezin arrazoirik ukatu: hain zuzen, horregatik funtzionatzen du horren ondo esamoldeak.

Askoz jende gehiago omen dago erabakitzeko eskubidearen alde, autodeterminazioaren alde baino. Batzuek diote bigarrenaren zaharruno kutsuarengatik dela, baina esamoldeak berak dakarren tranpak ere laguntzen du: erabakitzeko eskubidea bai, baina zehazki zer erabakitzekoa? Objektua zehazten ez duzun bitartean, koartada bikaina da hutsune hori bakoitzak bere irudipen eta esperantzekin bete dezan. Erreparatu, bestela, eduki minimorik eman gabe puztu den alderdiaren izenari. Ahal Dugu, bai, baina zer ahal dugu? Kea saltzea da gakoa: gauza ukigarriek muga fisikoak dauzkate; keak espazio osoa hartzen du sartzen uzten diozunean.

Hartara, pareka dezakezu erabakitzeko eskubidea independentziarekin —batetik bestera jauzi ederra egon arren—; edo, Iruñean bezala, zure seme-alabei hizkuntza bat ukatzeko daukazun ustezko askatasunarekin. Edo egin dezakezu PSE-EEk bezala, erabakitzeko eskubideren aurka daudenei ere hala egotea erabakitzeko eskubidea eman behar zaiela dionean. Nork bereak baititu erabakia eta eskubidea.

Osorik irakurri