Erabakia III: Yes

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mai. 12a, 00:00
Erreferendumarekin ere parekatu izan da erabakitzeko eskubidea. Horregatik adierazi zuen hainbatek poza 2014ko irailaren 19an, eskoziarrek %55arekin ezetz bozkatu ziotelako independentziari: «Ezezkoa da, baina behintzat erabaki egin dute». Demokratak garenez, ez zen oso txukun geratzen «Demonio, zer bozko eta zer bazka. Sinatu independentzia eta ospa!» esatea.

Eskoziarrek euren burua pixka bat gehiago gobernatu ahal izateko erabakia eskura izan zuten une batez, baina nahiago izan zuten beste batzuen esku utzi. Horrela soilik uler litezke SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak harrezkero hauteskundeetan jaso dituen emaitzak: erreferenduma galdu eta ia bi urtera, Eskoziako alderdi nagusia izaten jarraitzen du gorabehera handiegirik gabe. Ingalaterraren aurpegia daramaten alderdiek sinesgarritasuna galdu dute, eta ustez erreferendumaren ingurumarietan gizentzen ari zen ezker muturrak Kristau Eskoziarren alderdiak baino boto gutxiago jaso ditu. Batzuek akaso ikusi nahiko luketen bigarren galdeketa haren arrastorik ere ez da geratzen SNPkoen agendetan. Penarik eta frustraziorik gabe, ordea. Izan ere, zertarako nekatu burua independentzia prozesu konplikatu batekin, parlamentu autonomo batean eroso asko gobernatu badezakezu?

Erabakia hartzea ez baita beti ekintza nabarmen bat; batzuetan aski da ezer ez egitea.

Osorik irakurri