Malgutasuna

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mai. 18a, 00:00
EAEko ikastetxeetarako hizkuntza eredu bakarra proposatu du EH Bilduk; bakarra, baina «malgua». Tokian tokiko testuinguruaren arabera, ikastetxeek «autonomia» izango lukete. Helburua omen da «bi hizkuntza ofizialetan gaitasun egokia» lortzea: «Familia euskaldunetatik» datozenek gaztelaniaz, eta etxean beste hizkuntzak hitz egiten dituztenek, euskaraz.

Kanpaina atarian, pentsatzekoa da formulazio horrek euskarafobikoak baretu asmo dituela. Baina, egia esan, belarrira ez du oso ondo ematen. Zertara ote dator bi hizkuntzak parekatze hori? Non gertatu da ikastetxe bateko ikasleek gaztelaniaz egiteko gaitasunik ez izatea, hura bermatu behar izateraino? Emakumeekiko bazterketa aipatu eta «gizonik ere ez dadin baztertuta sentitu» eskatzen duten berdinzale unibertsal haiek datozkit gogora: existitzen ez diren egoerak problematizatuz, benetako arazoa diluitzen dute.

Eta ez oker ulertu: ezinbestekoa dugu hizkuntza ereduei buruzko eztabaida. Katalunian ere sarri adierazten didate ulertu ezina: gaztelania bestela ere bermatuta badago, zer zentzu dauka euskalduntzea bermatzen ez duten bi eredu eskaintzeak? Bistan da aldaketa behar dugula. Baina esperientziak ere erakutsi digu «malgutasunak» oso erraz jo dezakeela txikien aurka, behar bezala babestu ezean.

Osorik irakurri