‘Happy end’-a

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2019ko eka. 21a, 18:10
2016ko San Fermin bezperako taldeko bortxaketa sonatua gertatu eta ia hiru urtera eman du Espainiako Auzitegi Gorenak bere kalifikazioa: sexu erasoa izan zen, eta ez, Nafarroako epaitegiek argudiatu bezala, abusua. Edo, beste era batera esanda: bost erasotzaileek intimidaziozko eta indarkeriazko egoera bat baliatu zuten biktimaren askatasuna urratzeko. Iazko lehenbiziko sententzia hartatik sututa ateratako askorentzat, lasaitu moduko bat izan da Gorenaren erabakia. «Azkenean justizia» egin dela ere irakurri ahal izan da Interneteko foro eta komunikabideetan. Eta egia da besterik ebaztea inkoherentea eta iraingarria litzatekeela: epaileek frogatutzat jo zituzten egitateek intimidaziozko egoera argi bat deskribatzen zuten, eta, beraz, prozedura aldetik bakarrik begiratuta ere, ondorio logikoena zatekeen sexu erasoa izan zela ebaztea. Baina «justizia» egin dela esatea ere ez da erabat egia. Erasoa gertatu zen unetik, esposizio publiko ezin handiagoa izan du auziak: komunikabideek ikuskizun bihurtu dute; morboa elikatzea beste funtzioarik ez zuten datuak filtratu eta gaindimentsionatu dira; eta erasotzaileen defentsak erruz baliatu du arreta hori bere argudioak lau haizeetara zabaltzeko eta erasoaren inguruko ziurtasuna zalantzan jartzeko. Hitz egin ote liteke justiziaz, erasotutako pertsonak hiru urte igaro dituenean bere bertsioa frogatzen, etengabeko kuestionamenduekin topo egiten, eta auziari buruzko bere iritzia deliberatzen ari den gizarte baten begirada oro beregan ipinita daukala? Atzora arte, biktimaren jokabidea izan da epaiketako eztabaidagai nagusia: auzitegi barruan zein handik kanpo, berak oposizioa aski argi adierazi ote zuen edo ez galdetzen zen. «Ezezkoa izan dadin, esan egin behar da» argudiatu zuen erasotzaileen abokatuetako batek. Harreman adostuen inguruko ulerkera patriarkal baten gainean aritu dira dantzan auziko aktoreak: emakumeak, kontrakorik esaten ez duen bitartean, gertatzen zaiona ontzat eman dezakeela dioen hartan. Adostasuna, finean, alde batek proposatu eta besteak pasiboki onartu edo ukatzen duen hitzarmen bat balitz bezala, eta ez bi aldeetatik desioz adostutako zerbait. Delituaren birkalifikazioak erasoaren aitortzan eta kontakizunean eragina dauka, baina ez du aldatzen prozesu osoan azaleratu den narratiba patriarkala, eta ez du kuestionatzen oinarrian daukan arrazoiketa ere. Narratiba horrek -justizian bere isla izanik, gizartean ere erabat errotuta dagoena- emakumeen sexu askatasunaren aurkako erasoak mailakatzen jarraitzen du, haien balorazioa kasu bakoitzaren zirkunstantzien menpe ipiniz, eta kaltea biktimaren jokabidearen bidez neurtuz. Erasotzaile jakin batzuk munstro bihurtzen ditu, eta ez du ikusarazten bortxaketak, finean, boterezko delituak direla; gizartearen oso oinarrian dagoen desoreka batekin dutela zerikusia, eta, ondorioz, gutxi axola duela bortxaketa gauzatzeko erabilitako bideak, haren espazio eta neurriak: emakume bati askatasuna urratzea dela auzia. Agian, Iruñeko auziaren happy end-a ospatu ordez, aukera ona da hau galdera deseroso batzuei heltzeko: adibidez, nola ulertzen ote dugun adostasuna harremanetan; edota zein gizarte motak ahalbidetzen eta normalizatzen ote dituen garai eta espazio guztietan eta beste hainbeste formatan gertatzen diren indarkeria matxistak.

Osorik irakurri