Kurdistango postal bat

Erabiltzailearen aurpegia
2015eko maiatza zen, eta Kandil mendietan geunden, emakumezko gerrillari kurduei buruzko erreportaje sorta baterako elkarrizketak egiten. Gogo onez adoptatu gintuzten gure adin inguruko emakume fusildunek, eta astebete eskaini ziguten nahi adina galdera egiteko, eurek gero nahi zuten modura erantzuten zituztenak. Egun hartan, telebista eta guzti zeukan kanpaleku batera eraman gintuzten, gerrillako kide helduenek eta agintariek erabiltzen zutenera. Egun haietako modus operandi-a antzekoa zen beti: zakuz eta militar koloreko oihalez egindako dendetan eserita, banan-banan agurtzen gintuzten formalismo handiz, eta ostera erregimentu bat asetzeko adina te, dolma eta arroz ateratzen ziguten elkarrizketa hornitzeko. Hasi eta gutxira, abisua jaso zuten walkie-talkietik: Turkiako armadaren hegazkin batek gurutzatu zuela Irakerako muga, eta hurbiltzen ari zela. Bizi, baina larritasun handirik gabe, zibilen gunera jaitsi behar genuela azaldu ziguten. Gure kezka aurpegia ikusi zutenean, bazkariko janari erretiluak ere hartu zituzten biderako: «Segurtasuna bai, baina tripazorririk ez». Etxe batzuen arteko lubaki antzeko batean eserita jarraitu genuen bazkaltzen eta galderak egiten.

Buruan gordetako postal hari begiratzen diot orain: 2015eko udaberrian denak zirudien posible kurduen mendietan. Urtebete zen Estatu Islamikoa Siriako euren lurretatik egotzi zutela; Kobane nazioarteko sinbolo eta sinpatia-eragile bihurtuta zegoen, beraiek legitimitatea irabazi zuten; eta abian zen Rojavaren berpiztea, kurduek diseinatutako eredu komunitarioari jarraika, AEBen laguntza militarrarekin. Eurentzat ezinbestekoa zen: «Aliantzak taktikoak dira beti, ez estrategikoak».

Aste haren amaieran, 2015eko maiatzaren 9an, galdu zuen gehiengoa Erdoganek Turkiako Parlamentuan, besteak beste, kurduek sartzea lortu zutelako. Ordutik, Siria iparraldeko lurralde eraberritua menderatzea izan da bere obsesioetako bat, eta aste honen hasieran jaso du esperotako deia Washingtondik. Aliantzetan, gerta baitaiteke norbera ere taktika hutsa izatea beste aldearentzat.

Osorik irakurri