Kopak eta ateak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2019ko urr. 18a, 00:00
Utzi konpresa edo tanpoia hemen», dio tabernako komuneko edukiontziak. Ados, pentsatu duzu: baina zer egin hilekoko kopa daramazunean?

Gai honi buruz maorien kulturaz baino gutxiago dakiten horientzat: kopa hileroko odola jasotzen duen silikonazko kono bat da. Ordu askoan eraman daiteke jarrita, baina uneren batean hustu eta berriz sartu behar da. Eta une horrek espazio publikoan harrapatzen bazaitu, presta zaitez hilabete honetako akrobazia zailenerako.

Tabernako metro koadroko komuntxoan zaude, beraz. Hasteko, atera egin behar duzu kopa. Praktikoena hatz erakuslea eta erpurua erabiltzea da, pintza moduan. Baina ordu asko igaro dira, eta kopa barrurago sartu zaizu. Beraz, erdiko hatza aktibatzen duzu. Arnasa kontzentratuz eta zoru pelbikoa estutuz, lortu duzu azkenean tramankulu intimoari beherantz bultzatzea; pentsatuz hau izango dela, ziurrenik, erditze batetik inoiz egongo zaren hurbilena. Kopa bero eta ketsu atera da, ia ertzeraino beteta. Harrotasun apur batekin begiratu diozu pilatu duzunari, eta kontuz isuri duzu komun zulotik, ez duzulako Tarantinoren eszena bat sortu nahi.

Baina hor ez da ezer bukatu: kopa berriz bere tokira sartu aurretik, garbitu egin behar duzu. Eta oraintxe ohartu zara: komun honen konketa atearen bestaldean dago.

Zirrikitu bat zabaldu duzu lehenik. Gero, kuleroak zikintzeko beldurrez, galtzak erabat igo gabe eta tentsio betean, zure ezkutalekutik atera zara, komunen jainkoei eskatuz une horretan ez dadila inor sar. Presaka eta atzera begira garbitu duzu kopatxoa, hilketa batean erabilitako labana balitz bezala. Eta justu azken zipriztinak kentzen ari zaren unean, gertatu da: atea zabaltzen hasi da zure atzean. «Itxoin, barkatu» histeriko bat atera zaizu, eta korrika sartu zara, galtza erdi jaitsiengatik herrenka, komuntxora. Minutu batera irten zara, bihotza taupaka eta gerriarekin mugimendu bitxiak eginez kopa gaizki sartu duzulako, eta irribarre antzeko keinu bat eskaini diozu zain daukazun ezezagun harrituari. Beraz, mesedez: inoiz ezezagun hori izatea egokitzen bazaizue, itxaron konketa dagoen gelaren kanpoan. Uste baino gauza konplikatua gertatzen ari liteke barruan.

Osorik irakurri