Hangoak eta hemengoak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2019ko aza. 29a, 00:00
Migratzailea izatea hango eta hemengo nazionalismoekin topo egitea da ezinbestean. Gizarteak modu sutil edo esplizituagoak dauzka zuri etengabe gogorarazteko ez zarela hemengoa: nortasun agiria berritzerakoan aparteko gela batera bidaliz, botoa ematerakoan erregistratzeko exijituz eta, besterik gabe, espazio batzuk ukatuz, egoera bitxienak sortzeraino.

Zutabegile honen amari —hemendik aurrera, D.—, Euskal Herrian 30 urte daramatzan arren, duela gutxi gorpuztu zaio berriz ere nazionalismo instituzionalizatuaren mamua. Bizitzak batzuetan ekartzen duen zorte txarraren ondorioz, D.-k ikusmen gehiena galdu zuen udan, eguneroko gauza arruntetarako laguntza behar izateraino. Alabak —hemendik aurrera, S.—, inozentzia osoz, inguruko itsuen elkarte ezagunenera jotzeko proposatu zion, gutxienez eguneroko bizitzarako aholkuak jaso zitzan: etxea nola gobernatu, zein gailu elektroniko erabili Interneterako, eta abar.

D.-ren errezeloak gaindituta, ONCEren Donostiako bulegoan daude ama-alabak, beraz. Bazkide izateko behar dituzten agirien berri ematen ari zaie aurrean duten gizarte langilea, eta amaieran dator ezusteko galdera: «Naziotasuna badaukazu, ezta?». D.-k harrituta begiratu dio: «Bai. Alemaniakoa». Europako Batasuneko herritar gisara, ez du besterik behar izan 30 urtean lan egiteko, ezta beste zerbitzurik eskuratzeko ere. «Hara, baina gu ez gara publikoak», argitu dio gizarte langileak, eta ONCEren sigletako N eta E-aren esanahia azaldu dio: nazionala eta espainola delako elkartea. Loteria ere nazionalei eta espainolei saldu behar lieketela erantzun dio, ahapeka, D.-k.

Asteon migrazioaz argitaratutako barometroak gogorarazi dit pasartea: 146 orrialdeko ikerketa bat, zeinetan jendeari galdetzen zaion ea migrazioa «arazoa» ote den, «lana kentzen» ote duten, «matxismoa» zabaltzen ote den. Eta jendeak ezetz eta ezetz. Baina galdera hor dago beti, premisa gisara. Eta saihetsezina zaizu pentsatzea berdin duela zenbat ahalegin egiten dituzun, migratzaileen artean pribilegiatuetakoa izanda ere: jendearen buruetan ez zarela inoiz erabat hemengoa izango.

Osorik irakurri