2019ko emakumeak

Erabiltzailearen aurpegia

Astero jaso eta erdietan irakurtzen ditudan newsletter-en artean, bada New York Times-en generoari eta feminismoari buruzko bat. Urte amaieran, artikulu bitxi bat heldu zitzaidan haren bidez: 2019ko emakumeak zuen izenburu, eta urte amaieran osatu ohi diren Top 10 horietako bat zekarren, joan den urtean «nabarmendutako» emakumezko protagonistekin.

Jakin-mina eta errezeloa proportzio berean neuzkala zabaldu nuen e-maila.

Han zeuden, noski, Greta Thunberg eta Sanna Marin, Finlandiako presidente gaztea, aste honetara arte titular ederrak eman dituena sei orduko bere lanegunen promesekin. Gero Alaa Salah deitutako emakume sudandar baten aipamena zetorren, hango protesten sinbolo bihurtu dena. Baina hor zeuden, baita ere, Christine Lagarde eta Ursula Von der Leyen, eta, areago: Jeanine Añez, Boliviako estatu kolpearen atzeko eskuin zurizale, katoliko, enpresari eta kolonoaren aurpegia.

Birritan irakurri nuen zerrenda, hari zentzu bat topatu nahian. Bistan zen Top 10 hark ez zeukala askorik genero ikuspegitik: prezio berean sartu zituzten figura kritikoxeagoak eta aldarrikapen feminista oro legez deuseztatuko luketenak. Zenbat eta gehiagotan irakurri, are matxistagoa iruditzen zitzaidan zerrendaren osaeraren azpian zegoen logika. Emakumeek sortutako artea edo Emakumeen ikuspegitik idatzitako literatura kategoria gisara onartzen dituztenak etorri zitzaizkidan gogora: logika horretan, gizonen jarduna generotan, estilotan, ideologietan eta garaitan bereizi liteke —eta ez otu bata bestearekin nahastea—, eta gero dago beste kategoria bat, Emakumeen jarduna, bestelako irizpiderik aplikatu behar ez zaiona, eta, beraz, erabat zilegi eta logikoa dirudiena Berta Caceres eta Angela Merkel zaku berean sartzea. Nahi baino gehiagotan erreproduzitzen ditugu generoko estereotipoak, ustezko genero ikuspegi baten izenean.

Osorik irakurri