Gros

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2020ko urt. 31a, 00:00

Koadrozko alkandoradun gizonak ia urtebete igaro zuen Renfeko geraleku txikiaren atarian, «Galiziara iristeko» diru eske; hala zioen gainean zeraman kartoizko kartelak. Egunero-egunero esertzen zen banku berean, maleta handi bat aldean, egiaz parean geratuko litzatekeen edozein tren hartzeko prest balego bezala. Geltoki bat harago ikusi nuen azkenekoz.

Hiru urte pasatxo dira auzo honetara etorri ginenetik. Artean posible zen, zorte dezente izanda, balkoidun etxebizitza txiki bat topatzea auzoaren mugan, trenbidearen gainean. Balkoi horretatik, parez pare ikus zitekeen orduan Miracruz 19, borobildutako ertzeko eraikin historikoa. Gutxira hasi ziren hondeamakinak hura eraisten, eraikuntzaren forma apenas mantendu duen etxe berria egiteko.

Orduz geroztik, etxekoon obsesio partekatu bihurtu da auzoaren eta, bereziki, Miracruz kalearen bilakaera behatzea. Bigarren urterako, ohiko bihurtu asmo genuen harategia 24 orduko vending gune bihurtu zuten. Wok bat ere zabaldu zuten farmazia zaharraren alboan, baina dagoeneko ez gara oroitzen zer zegoen lehenago. Haren parean, automobilentzako pieza txikiak saltzen dituen dendak ia existentzia heroiko bat ematen du AT karteldun ezkaratzen artean. Higiezinen agentzietako eskaparateek «inbertsioetarako idealak» diren etxebizitzak iragartzen dituzte milioi erdi bat eurotan —hots, ez bizitzeko modukoak—: hemen dago etorkizuneko Donostia chic-a. Kale bat harago hil zen, hilabete ere ez dela, gizon bat hotzak jota inbertsio banku baten atarian. «Heriotza naturala» deitu zioten.

Pintxoak lau euroan; alokairuak, batez beste, 926an. Adin-talde handiena: 65 urtetik gorakoak. Bermuterako eta paseorako auzo perfektua. Betirako itxitako denden kristaletako kartelek —«Alokatzen da», han eta hemen— abisatu digute aspalditxotik, eta asko orain ari gara ohartzen: hemen geratzea ez da edonoren esku dagoen zerbait.

Osorik irakurri