Tunela

Erabiltzailearen aurpegia

Toki aztoragarriak dira lurpeko pasabideak. Ez soilik gune ilunak izan ohi direlako, argiztapen eskasekoak; jendez gainezka daudenean ere, ezinegona eragiten dute, egoteko pentsatuta ez dauden gainerako lekuen antzera. Tunelak, aireportuak, obrak daudenean espaloietan jartzen dituzten behin-behineko pasarelak: joateko espazioak baino ez dira, A-tik B-ra edo B-tik A-ra. A eta B izanez gero, noski: jatorriren bat eta helmugaren bat dutenentzako tokiak dira.

Umetan, pasabide horietako bat gurutzatu behar izaten genuen ikastolara joateko. Haurrei beldur gutxiago emateko-edo, mural koloretsu bat ipintzea otu zitzaion norbaiti, baina horrek ez zion tokiari estrabagantziarik kentzen: zein zen margolan baten zentzua, inor ikustera geratuko ez zen toki batean?

Atotxako tunela, Donostian, ez dago gaizki argituta, jendez gainezka dago ia beti. Mundu guztia doa norabait: ibai aldera, plazara, autobusera edo trenera. Alde egitea da toki horren zentzua. Gehienek pasabidea lehenbailehen gurutzatu nahi dute, nork bere musika belarrietan sartuta, inor topatzeko gogorik gabe.

Baina gero badira tunelaren araua hausten duten pertsonaiak, hain justu ere ihesaren espazio horretan egotea erabaki dutenak. Esate baterako, paseatzaile presati bakoitza, hutsik egin gabe, "Kaixoegunon" batekin agurtzen duen mukizapi saltzailea. Edo, apur bat harago, dutxako pasioz abesten aritzen den punkia, eztarria urratuz, autoan bakarrik zoazela dakizunean soilik abesten duzun moduan, tripetatik, eta notarik apenas parean joz. Jendeak, pasadan, gogaituta begiratzen dio, kaskoetako musika apur bat altuxeago ipiniz. Punkiak, hala ere, bere horretan jarraitzen du. Eta nik sinesten diot, badakit zergatik abesten duen horrela: batetik bestera doan jendetza horren erdian, egiaz, autoan bakarrik egotea bezala delako tunelaren erdian geldirik egotea.